Atzo, goiz partean haize ufada banaka batzuk izan ondoren, 14:00etatik aurrera indarra hartu eta iluntze partera arte haize bortitza ibili zen Soraluzen. Tabernetako toldoak airean erabili zituen, baita pertsianaren bat zein beste ere. Eta noski, hostoak eta adarrak sakabanatu zituen nonahi.
Osterantzean, kalte txikiak eragin zituen haizeteak. Batetik, Ezozibide auzoko 34. atari aurreko pareta bota zuen, mendi magalera, zorionez. Horrela, ez zuen kalterik eragin ondoan aparkatuta zeuden ibilgailuetan.
Bestetik, Iturbe-barri baserri ingurura bidean, arbola bat bota zuen. Besteak beste, Udaltzaingoa bertaratu zen. Kontatu dutenez, oinez ere ezin zen bertatik pasatu. Udal langileekin batera, 15:00etarako erretiratu zuten arbola.