Atzo, 20 bat guraso elkartu ziren Tolarekua aretoan mugikorren erabileraren gaia aztertzeko. Jaso Burua Soraluze ekimenak bultzatuta, helburua zen umeei eta gazteei mugikor propioa erosteak dituen alde onak zein txarrak mahai-gaineratu eta haiek baloratzea. Altxa Burua Gipuzkoako Miren Ros bidelagunak gidatu zuen tailerra, gurasoen zuzeneko partaidetza bultzatuz.
Tailerrean, nabarmena izan zen gurasoek mugikorrei ikusten dizkieten alde txarren nagusitasuna.
Batzuk aipatzearren:
- - Umeak antisozial bihurtzen dira.
- - Mugikorrarekiko dependentzia sortzen zaie.
- - Ziberbullyng-a.
- - Sare sozialetarako eta Interneteko edozein edukitarako -sarri askotan eduki desegokia, okerra edo ez egiazkoa- sarbide zuzen eta erraza dute, horrek dakarren arriskuekin.
- - Euren intimitatearen larregiko esposizioa gertatzen da.
- - Kontzentrazio falta handitzen dute.
- - Eskola porrota handitu egiten da.
- - Obsesioa sor dezake. Agresibitatea eta biolentzia handitu.
- - Lagun arteko elkarrizketak apurtu egiten dituzte.
- - Familiako komunikazioaren galera dakarte.
- - Jolas fisikoa gutxitzea.
- - Enpatia galera.
- - Norbere emozioak entzuteko tarterik ez hartzea. Deserosoak diren sentimenduak ez badira sentitzen ez da ikasten haiek kudeatzen, horrek dakartzan ondorengo arazoekin, gaur egun, nagusiena horrenbeste gaztek pairatzen duten antsietatea.
- - Mugikorra emateaz bat haurtzaroa murriztu egiten da.
- - Segurtasun faltsuaren sentsazioa ematen dute…
“Ebidentzia zientifiko handiak daude mugikorren eragin negatiboez”, gaineratu zuen, besteak beste, Miren Ros bidelagunak.
Gurasoen arteko adostasunak
Horren guztiaren aurrean, konklusioa izan zen mugikorra uste baino gutxiago behar eta komeni dela. Eta Miren Ros bidelagunak azpimarratu zuen hori lortzeko modurik eraginkorrena dela aliantzak lantzea, esaterako, gurasoen artean erabakiak adostea. Adibidez, gurasoen artean adostea ahalik eta gehien atzeratzea seme-alabei mugikorra erosi edo oparitzeko garaia; edo gurasoen artean adostea umeek/gazteek mugikorrak izan arren, hura kalera ez ateratzea…
Ros bidelagunak Zarauzko esperientzia jarri zuen adibide modura. Esplikatu zuenez, han 2019an hasi ziren gaia lantzen eta gaur egun, DBHko gazteen %95ak ez du mugikorrik eta ez dute horretarako beharrik sentitzen.
Sinadura bilketak eta beste
Rosek esan zuenez, gaur egun, 12.000 familia baino gehiago daude Altxa Burua ekimenaren baitan eta Euskal Herri mailako lau ekimen ari dira bultzatzen:
- 1- Sinadura bilketa, eskatzeko ikastetxeetan ezar dezatela mugikorrak eramateko debekua.
- 2- Osasun Sailari gutuna, eskatuz, beste gai batzuetan moduan, honetan ere sentsibilizazio kanpaina egin dezala herritarrak mugikorren erabilerari buruz kontzientziatzeko. Puntu honetan, jakinarazi zuen dagoeneko eskatu dietela eurekin batzartzeko.
- 3- Hezkuntza Sailari zuzeneko eskaera, LH eta DBH mailetako ikastetxeetara mugikorrak eramatea debeka dezan.
- 4- Ikastetxeetan pegatina bidez nahi dute adierazi mugikor gabeko esparruak direla. Halako pegatinak dauden lekuetan ez ikasleek, ezta irakasleek eta ezta gurasoek ere ez dute mugikorrik eramango.