Gaztetxoei eta familiei zuzendutako Jazz for Children ikuskizunarekin abiatuko da domekan 2024ko Blues Hotsaken programazioa. Antolatzaileen esanetan, "kontzertu ikusgarri, dibertigarri, didaktiko eta familiarra” da, gaztetxoei jazza hurreratzea helburu duena.
Ikuskizunean eszenaratze antzeztuak eta azalpen arinak tartekatzen dituzte eta gaztetxoenek zein helduek ondo ezagutzen duten errepertorioa baliatzen dute: "Aladdin, Frozen, Gru, Oihaneko Liburua eta Mario Bros" moduko film, marrazki bizidun edo bideojokoetako jazz estandarra. Horrekin batera, Ella Fitzgerald edo Liza Minelli bezalako artisten "gai dibertigarriak" ere abesten eta dantzatzen dituzte, "Scat" eginez (ahots inprobisazioa).
Eszenatokian bost musikari izango dira: Noa Lur eta Alain Concepción (ahotsak), Tony Pereira (gitarra), Ricardo Alonso (baxua) eta David Fernandez (bateria).
Emanaldia 12:30ean hasiko da eta sarrera debalde izango da.
Herriko eragileekin elkarlanean
Emanaldiaren antolatzaile nagusia Errabal Kultura Elkartea bada ere, Ubane Uzin Errabal Kultur Elkarteko kideak nabarmendu duenez, emanaldia elkarlanean antolatu dute herriko beste eragile batzuekin batera, Soraluzeko Musika Eskolarekin eta Atxolin Guraso Elkartearekin, eta Pil-pilean herri komunikabideak ere lagunduko du ekimena herrian musikarekiko interesa duten gaztetxo eta guraso guztiengana iritsiko dela bermatzeko. “Oso inportantea da halako herri txiki batean denon arteko elkarlana”, azpimarratu du.
Kontzertu nagusiak azaroan, berrikuntzekin
Blues Hotsak jaialdiko kontzertu nagusiak, ohikoa denez, azaroan izango dira, 22, 23 eta 24an. Gainera, aurten, berrikuntza garrantzitsu bat izango da, azken eguneko, domekako, kontzertuak herriko lau txokotan eskainiko baitituzte. Datozen asteetan emango dute xehetasun gehiago.