Zelan zaude erretiro bezperan?
Lasaitasunez. Gogoz ere bai. Baina lanean ere pozik egon naiz, horregatik luzatu nuen urtebetez. Nire ordezkapena erabaki gabe zegoen, ikusi nuen ekipo gazte bat zegoela, gogo berriekin zetorrela, eta neu ere horrekin kutsatu egin nintzen. Gure handicap-a izan da denbora gutxian jende asko pasatzen ari dela Udaltzaingotik. Egunerokoa ikasten dutenerako joan egiten dira.
Hori zergatik gertatzen da?
Legez, jendea lan-poltsatik eskatu behar dute. Zerrenda hori Erandion daukate. Han lehen postuan dagoena bidaltzen dute, berdin da nongoa den. Orain, adibidez, daukagu Errasti Gasteiztik datorrena, Iker Astigarragatik eta Rakel Bilbotik (azken hori dagoeneko joan da). Hilero gastu handia suposatzen die hona etortzeak eta beste zerbait topatzen dutenean joan egiten dira. Horregatik nik diot ni naizela azken dinosauroa nirea moduko kargu batean. Munizipal bat bizitza osoan herri berean, jende guztia ezagutzen… ziklo hori bukatu da.
Izendatuta dago zure ordezkoa?
Bai. Baina Arkautin 9 hilabeteko ikastaroa egin behar du. Berak ikastaro hori bukatuko du ni joan eta 5 hilabetera. Denbora horretan hutsunea egongo da. Eta gero, behin etorrita ere, denbora beharko du hemengoa ikasteko. Egokitu arte, urtebete-edo pasatuko da. Bestalde, Bilbokoa da eta Ertzaintzarako hautagai, beraz… Dena den, ez dakit bera izendatuko duten udaltzainburu ala udaltzain bakarrik.
Zelakoa izan da udaltzainburu moduan izandako esperientzia? Eta udaltzain modura?
Bietan ondo. Adibide modura, Elgoibarren lanpostua ateraz gero, harako aukera izango nuke, baina ez naiz ezta aurkeztu ere egin hemen gustura nengoelako. Udaltzain moduan, beti pentsatu izan dut jendeari laguntzea zela gure lana eta hori eginda, etxera lasai joaten nintzen eta lasai lo egiten nuen. Udaltzainburu moduan, berriz, jendeari laguntzeko bidea zen herriko gauza guztiek ondo funtzionatzea eta hemendik koordinatzen nituen. Polita izan da ere bai, baina okerrena da ardura, erabakiak hartu behar dira, kale edo bale. Momentuan. Eta ardura zeurea da. Tentsioa sortzen du. Ni egon naiz gustura epe motzerako zelako. 20 urtez udaltzainburu izateko aguantatu egin behar da.
Zer egin zaizu gogorrena? Eta errazena?
Istripu batzuk. Errazena, berriz, kalean ibiltzea, ze jendea espontaneoki etortzen da laguntzera.
Zelako oroitzapena eramango duzu Soraluzetik? Eta soraluzetarrengandik?
Ni ya soraluzetarra naiz. Oso pilota zalea naiz eta tokatu izan da Elgoibarren herri arteko lehiaketa eta ni joan eta soraluzetarrak animatu, hemengo pilotariak ezagunagoak direlako niretzat.
Urte hauetan bizitakoetatik, zer da lehenengo burura datorkizuna?
Zenbat aldatu den herria. Asko aldatu da populazioa. Garai batean bizpahiru etorkin bakarrik zeuden eta guztiak ezagutzen genituen. Gaur egun erroldara jo beharra dugu begiratzeko zein den. Hori batetik; eta bestetik, tailer txikiak itxita egotea eta taberna askoz gutxiago izatea.
Udaltzaingoa, berriz, zelan ikusten duzu?
Aldaketa gehiegi denbora gutxian. Baliabideak ere behar baino gutxiago ditugu. Adibidez, udaltzain modura, egokiena da bikoteka lan egitea eta horretarako lan-taldeak ez du ematen. Egokiena litzateke bost langile. Udaltzainburua eta lau agente, beti lanean binaka egon ahal izateko.
Erretiratu eta zer egingo duzu?
Argazkilaritza berriro ere hartu, hizkuntzak… Ingelesa indartu nahiko nuke. Bizikleta elektrikoa ere erosi dut.