Tresneria esterilizatzeko espazio berriak estaldura emango die Mendaroko eta Eibarko ospitaleei, Eibarko anbulatorioari, Elgoibar, Torrekua, Deba eta Ermuko osasun-zentroei eta Itziar, Mendaro, Soraluze, Mallabia eta Mutrikuko kontsultategiei, eta 75.000 pertsonatik gorako biztanleriaren arretaren kalitatean eragina izango duela jakitera eman du Osakidetzak.
"Zerbitzu horrek instalazioaren bilakaera teknologikoa suposatzen du, asistentzia- eta lan-segurtasun handiagoa emanez, baita efizientzia ekonomiko eta ingurumen-babes handiagoa ere", adierazi dute. Zerbitzua martxan jartzeko 1,4 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Espazio eta zerbitzu berritzailea dela azpimarratu dute, izan ere esterilizazio-prozesu guztiak gune honetan zentralizatuta daude, eta zehaztu dutenez, hori da modu bakarra produktu bat esterilizatuta dagoela ziurtatzeko, Europako eta nazioarteko araudiaren arabera prozesatu eta gero.
Instalazio berriak azken aurrerapenekin hornitu dituztenez, jarduera %15 handitzeko aukera izango dutela ere nabarmendu dute, eta gainera garbi-zikin zirkuitua arazorik gabe osatu ahal izango dute aurrerantzean, gurutzatzerik gabe.