Ezagutu zutenek diote "zinemara eroateko moduko bizitza" izan zuela. 2015ean, Soraluze 1936 lan taldeak bere biografiaren gaineko zenbait datu argitaratu zituen Isiltasuna hausten. 1936ko gerra Soraluzen liburuan.
Gerratik ihesi, Errusiara
Ana del Bosque Arin Ampudia de Campos herrian jaio zen, Palencian, 1924an, baina urtebete bakarrik zuela Soraluzera ailegatu zen familiarekin batera. 1936an, gerra lehertu eta hilabete batzuetara, 12 urte zituela, gurasoek Bilbotik Errusiara bidali zuten Ana, bere anai-arreba eta lehengusu-lehengusinekin batera, denak bere kargu zituela. Frantzian, txinatar itsasontzi batean sartu zituzten eta haren bitartez iritsi ziren Errusiara.
1940an, Moskuko gazteen etxera eraman zuten eta urtebete geroago II. Mundu Gerran alemaniar naziek egindako bonbardaketak ezagutu zituen, bertatik bertara. Gerraren ostean, ikasketetan aurrera egin eta ingeniari agronomo titulua lortu zuen eta bi urtez oso baldintza gogorretan lan egin behar izan zuen Errusiako soroetan.
Deportazioa eta Kubako egonaldia
1956an, 32 urterekin, Ana Espainiara bueltatu zen. 1960an, Madrilgo Instituto Nacional del Trigon lanean ziharduela, haurdun, atxilotu eta Errusiara bidali zuten, beste herritar batzuekin batera, sobietar asaldatzaile izatea leporatuta. Akusazio guztia izan zen gutun bat idatzi izana erregimen frankistari eta nazioarteari beraien egoera normalizatzeko eskatuz.
1961ean, espainiar-sobietarrek harrera egin zieten Ana eta bere seme jaioberriari Errusian eta handik bi urtera, 1963an, Kubako La Habanako Unibertsitatera joan zen itzultzaile lanak egitera, semearekin batera, eta bertan bizi izan zen Franco hil ostean, 1978an, Espainiara bueltatu ahal izan zuen arte.
Azken urteotan, Salamancan bizi izan da.