Barikuan, herritar ugariren arreta erakarri zuen Plaza Barrixan jarri zuten Txikitin kamioiak. Batik bat, arratsaldean, askok bisitatu zuten hura barrutik, lepotik zintzilikatu zuten Euskadi 4x4 ekipoari rallyan emandako domina, argazkiak atera zituzten eta pegatina jaso zuten opari Fernando Garciarengandik.
Iluntzean, berriz, Fernando Garcia, Ignacio Corcuera Livingston eta David Naveira protagonistek Dakar Rallyari buruzko kontakizunak partekatu zituzten KLB8an.
15-20 bat lagun izan zituzten adi-adi entzuten eta galderak egiten. Hiru gizonek partekatu zuten zer den munduko lasterketarik gogorrena prestatzea, kamioiari basamroturako egindako egokitzapenak, pasatako orduak eta orduak, lasterketan izandako hainbat gertakari, elkarbizitza aldetik zer eskatzen duen halako lasterketa luze eta gogor batean parte hartzeak ekipo moduan…
Adibidez, Livingston pilotuak kontatu zuen berak 6 Dakar egin dituela eta gogora ekarri zuen benetan lasterketa arriskutsua dela. “Jendea Dakarrera ez doa hiltzera, baina arrazoi ezberdinengatik istripuak daude eta hildakoak ere egoten dira”, esan zuen. Horrekin batera, besteak beste, aurten mekanikari izan duen Fernando Garcia soraluzetarraren lana eta izaera goraipatu zituen.
Gehien bete
Garciarendako, berriz, lehen Dakar Rallya izan da eta azpimarratu zuen bera gehien bete duen esperientzietako bat izan dela. Hala ere, hitzaldiaren zati batean hunkitu ere egin zen gizona esplikatu zuenean berak Dakar Rallya moduko lasterketa bat egin ahal izateko familiari denbora mordoa kendu behar izaten diola. “Beti datoz nirekin kamioian”, azpimarratu zuen. Hitzaldia borobiltzen, Garciaren seme Denisek egindako ikus-entzunezkoa ipini zuten.