Bazkide oinarri sendoa du Katamarran ume-txokoak

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 26a, 10:34

Hainbat guraso-bazkide Katamarran ume-txokoaren batzar orokorrean, herenegun.

0-4 urte bitarteko 42 ume eta 35 familia-bazkide. Horixe da gaur egun Katamarran ume-txokoak duen erabiltzaile kopurua. Elkartearen lehen batzar orokorrean jakinarazi zituzten datuok. Datu ekonomikoak ere helarazi zituzten, erabiltzaileen iritzi-proposamenak batu eta besteak beste, aurrera begira egin nahi dituzten pausoen berri eman zuten. Adibidez, formazioa landu nahi dute eta gunea hobetzeko zenbait ekintza gauzatu.

Katamarran ume-txokoak 2024ko apirilean zabaldu zituen ateak eta aste honetako martitzenean egin dute elkartearen lehen batzar orokorra. Elkarteak dituen 35 familia-bazkideetatik 20 inguru izan ziren Tolarekuan egindako batzarrean eta hiru puntu nagusi landu zituzten: elkartearen egungo egoera, talde eragilearekin lotutakoak eta aurrera begirako pausoak.

Diru kontuak

Lehen puntuan, besteak beste, zenbait zenbaki helarazi zituzten. Adibidez, jakinarazi zuten 0-4 urte bitarteko 42 ume direla ume-txokoaren erabiltzaile -gehienak 2022an eta 2023an jaiotakoak- eta 35 familia direla bazkide. 

Jakinarazi zuten, baita ere, txokoa egokitzea 11.526,85 euro kostatu zela eta elkarteak gaur egun 308 euro dituela -kuota bitartez batuta-. Eta gaineratu zuten Katamarran EAEko Erregistro Orokorrean inskribatzeko lanketa egiten dihardutela. 

Talde eragilearen funtzionamenduari dagokionez, zenbait arau aldaketa proposatu zituzten, batik bat talde eragilearen funtzionamenduarekin lotuta. 

Proposamenak

Azkenik aurrera begirako pausoen baitan, formazioa lantzeko jasotako gai proposamenak partekatu zituzten eta, txokoarekin berarekin lotutako erabiltzaileen proposamenak zein balorazioa jaso zituzten. 

Proposamenen artean, adibidez, sarrera irisgarriago egiteko aukerak aztertzeko eskatu zuten hainbatek -orain bi eskailera daude sarreran-; merienda-guneko zoru hotza leuntzeko neurriren bat hartzea ere eskatu zuten, eta, batik bat, espazioaren txikitasunarekiko kezka partekatu zuten beste hainbatek. Esan zuten, besteak beste, espazioak aukera gehiago emango balitu, erabiltzaile gehiago izango zituela txokoak. 

Azken horrekin lotuta, talde eragileak adierazi zuen, orain arte inoiz ez dela guztiz bete ume-txokoa eta neguan txokoari ematen zaion funtzionamendua ikusi nahi dela txikiegi geratu den den ala ez ikusteko. Batzar orokorrean egon zen Maite Quintanilla udal ordezkariak gogora ekarri zuen behin-behinerako kokagunea dela gaur egun Katamarran ume-txokoak duena. 

Balorazioari dagokionez, berriz, jendeak modu positiboan baloratu zuen aterpean leku eroso bat edukitzea umeekin egoteko. Eta positiboki baloratu zen espazioa txukun eta garbi mantentzen dela. Oro har, Katamarran ume-txokoa herrian zegoen hutsune bat betetzera etorri zela ere baloratu zen positiboki.