Musikarekin oroitu zuten Xabi Labaien haren gertukoek

Goiena.eus 2024ko ira. 23a, 18:00

Xabi Labaienen omenaldian izan ziren senideak, lagunak eta musikariak. Iturria: Goiena.

Bere ilobek jotako hiru kantuk hasi zuten zapatu iluntzean Bergarako gaztetxean Xabi Labaieni egin zioten omenezko ekitaldian. Etxekoak, lagunak eta berarekin batera jo zuten musikari asko izan ziren bertan. Lisker taldeak emanaldia egin zuen.

Lisker taldearekin egin zituen garaian taldekide asko izan zituen Xabi Labaienek, eta horietako asko igo ziren zapatuan talde eibartarrak Bergarako Kartzela Zaharrean eman zuen kontzertuan: bateria jotzailea, abeslaria, baxu jotzailea... "Saltsa askotan zegoen sartuta Xabi; horrelakoa zen. Udak Liskerrekin egiten zituen, han eta hemen kontzertuak eginez, eta urtean zehar beste proiektu eta lan askotan. Musikari ona eta abeslari ona zen; momentu asko pasa genituen elkarrekin. Izaeraz oso desberdinak ginen biok, bera lotsatia eta ni ez horrenbeste, baina gogoan dut pandemiaren aurreko lauzpabost urteekin elkarrekin egiten genuen ekipoaren muntaia eta oso gustura egon ginen lan horretan. Gaurko ekitaldia oso hunkigarria izan da", zioen Lisker taldeko Jabi Zabalak.

Ia ordubeteko emanaldia eskaini zuen taldeak. Bere erromerietan klasikoa duten moduan hasi zuten kontzertua, Oskorriren Maria Andresan korotza kantuarekin. Haren ondoren etorri ziren, Gatibu, Sorotan Bele, Queen, La Polla Records edo EH Sukarra taldeen kantuak, besteren artean; bukatu, Benito Lertxundiren Loretxoa abestiarekin bukatu zuten, rock erritmoan.  

Baina Lisker taldekoek ez ziren musika egin zuten bakarrak izan. Xabi Labaienen ilobek ekitaldirako propio prestatu zituzten lau kantu: Haizea, Ilargia, Lau teilatu eta Maravillas. "Musikarekin batera bizi izan zen eta musika sentitzen zuen pasio hori ospatzeko antolatu dugu ekitaldia, etxekoekin eta gertuko lagunekin elkartuz. Musika jotzen zein soinu teknikari moduan askotan egon zen bera hemen, gaztetxean, eta ez zaigu beste toki hoberik iruditu omenaldia egiteko. Ilobak ere igoko gara oholtza gainera eta kantu batzuk joko ditugu", aurreratu zuen omenaldia hasi aurretik ilobetako batek, Gaizka Urzelaik.

Argazkiz eta bideoz egindako bi lan ere proiektatu zituzten emanaldian etxekoek eta Taun Taun elkarteko Iñaki Matak. Aurkezpenak, berriz, Lisker taldeko Zabalak egin zituen.

Kronika hau Oihana Elortza Gorostiza kazetariak argitaratu du Goiena.eus-en eta CC Lizentziari esker ekarri dugu webgune honetara.