Txalo artean jaso zituen Euskalherriaren Adiskideen Elkarteko diploma eta domina Iñigo Alberdik. Aurretik, Kantuz sortu gara izeneko sarrera ikasgaia eskaini zuen. Bertan hainbat musika erakunderen kudeaketan egindako lana ekarri zuen gogora, martxan dauden hainbat proiekturen berri eman zuen eta etorkizunera begirako erronkak azpimarratu zituen.
"Pozik eta urduri iritsi naiz gaurko ekitaldira eta amaitu berritan oso pozik eta oso hunkituta nago", azaldu zuen kide numerario berriak. "Nire helburua zen egiten dutena partekatzea, eta hainbeste lagunekin eta halako gertutasunarekin egin da dena oso gustura gelditu naizela. Oso eskertuta nago".
Askotariko parte-hartzeak
Bergarako alkate Gorka Artola, Euskalherriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako zuzendari Luis Elosegi eta kide numerario Jon Bagues izan zituen Alberdik mahai-kide zapatuko ekitaldian. Aurrean, berriz, lagun, senitarteko eta lankide ugarirekin betetako aretoa.
Sarrera ikasgaian musika klasikoarekin lotuta EAEn eta Nafarroan egituratuta dauden orkestra, koral eta erakundeen berri eman zuen Alberdik. Martxan dauden proiektu interesgarri asko ere aipatu ditu; gehienak pedagogia, ondarearen kontserbazioa eta publiko berrien bilaketa helburu dutenak. Nabarmendu zituen: Musika gela, Eskolan kantari, Euskal opera, Zubiaurre, Musika bizi, Ura Bere Bidean...
Guztia hainbat musika emanaldirekin tartekatu zuen. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Bergarako Orkestra, Garikoitz Mendizabal txistularia, Bergarako Antzerki Musikala taldea, eta Bilboko korala. Une bereziki hunkigarria izan zen Alberdirendako Bergarako Antzerki Musikala taldeak eskainitakoa; Oliver musikaleko Sentitu zaitez lagun! abestu zioten, eta azken koplak Alberdiri eskainitakoak izan ziren. Egindako lana eta erakutsitako gertutasuna eskertu zioten.
Aurrera begirako erronkak
Ekitaldian Alberdik esan zuen etorkizunera begira oso optimista dela: "Inoiz eduki ez dugun musikari belaunaldi prestatuena dugu". Baina ohartarazpena ere egin zuen: "Une garrantzitsu batean gaude. Uste dut aurrera egin nahi badugu beharrezkoa izango dela kultura eta musika erakundeak koordinatzea, errelatoak sortzea, erakunde bakoitza zertarako dagoen definitzea, eta erakundeetatik musikariei eta euskal musikari aukerak eskaintzea. Kudeaketan ere aukerak eman behar zaizkio hemengo jendeari. Ezin da Euskal Herriko ikuspuntua duen kudeaketaren katea eten".
Bergararen garrantzia
Bergarak eta bergararrek kultura arloan egindako ekarpena behin eta berriz goraipatu zen ekitaldian. Euskal kulturak egindako ekarpena ere bai. "Herri txikia da gurea, baina musika erakunde asko ditu eta maila ia profesionala dute askok. Eredugarria eta aitzindari da herri hau", esan zuen Alberdik.