Atzo zinema-saioa eta datorren astean jaia

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 21a, 12:07

Gaur, irailak 21, Alzheimerraren Mundu Eguna da. Horren bueltan, atzo, barikua, Mesedeetako egoitzako eta Eguneko Zentroko hainbat erabiltzaile Herri Antzokian izan ziren, Alzheimerrarekin lotutako pelikula ikusten. Martitzenean, berriz, jaia izango dute, egoitzari izena ematen dion Mesedeetako Amaren eguna baita.

Ekimen mordoa egiten dituzte Mesedeetako egoitzan zein Soraluzeko Eguneko Zentroan eta horren adibide, atzo, barikua, Alzheinerra gaitzat duen pelikula bat ikustera joan ziren Herri Antzokira. Pelikularen gaia gogorra zen arren, irteerarekin gustura ibili ziren nagusiak.

Mesedeetako Amaren eguna

Datorren asterako, berriz, dagoeneko badute beste hitzordu bat. Irailaren 24an, martitzena, Mesedeetako Amaren eguna da eta ospakizuna dute horren bueltan Mesedeetako egoitzan. Meza entzungo dute lehenengo, gero bazkaldu egingo dute eta haren ostean, luncha eta musika izango dute, Pablo Arruabarrena soinu-jolearen eskutik.