Dolmenen Ibilbideko azken-aurreko bisita, domekan

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 19a, 11:00

Domeka honetan, irailaren 22an, egingo da Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko aurtengo azken-aurreko bisita gidatua. Uda sasoian egin ohi dira bisita gidatu horiek. Ibilbide gidatua 9 kilometrokoa da eta lau orduko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Domekakoan parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharra dago. Barikua da horretarako azkeneko eguna.

Dolmenen Ibilbidea bertatik bertara eta aditu baten azalpenez lagunduta egiteko azken-aurreko aukera da domekakoa. Ohi denez, 10:00etan abiatuko dira Karakateko aparkalekutik eta lau orduko ibilbidea egingo dute, Karakatetik Irukurutzetarainoko joan-etorria, 9 kilometro. Bidean, zazpi monumentu megalitiko bisitatuko dituzte. Antolatzaileen esanetan, ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa, 7 urtetik gorako haurrekin. 

Aurten, apirilaren 1ean hasi zituzten ibilbide gidatuak eta guztira, 12 antolatu dituzte, sei euskaraz eta beste sei gaztelaniaz. Domeka honetakoa euskaraz izango da eta baita aurtengo azken bisita ere, urriaren 6an egingo dena. 

Izena non eman

Parte hartzeko izena eman beharra dago aldez aurretik, barikua da horretarako azken eguna. Izena emateko hiru bide daude: 657794677 telefonora deitu, info@begi-bistan.com helbidera idatzi edo https://www.debabarrenaturismo.com/eu/dolmenen-ibilbidea/bisita-gidatuak webgunean dagoen formularioa bete behar da.

Prezioak honakoak dira:  

  • Helduak: 5€ pertsonako.
  • 12 urtetik beherakoak: 3,5€ pertsonako.
  • Bergara, Elgoibar edo Soraluzen bizi diren helduak: 2,5€ pertsonako.
  • Bergara, Elgoibar edo Soraluzen bizi diren 12 urtetik beherako haurrak: 1,5€ pertsonako.