Berritasunekin abiatu du ikasturtea Euskarazko Irakurle Taldeak. Azken urteotan, Nerea Loiola debarrak dinamizatu ondoren, aurrerantzean, Ainhoa Aldazabal eibartarrak hartuko du haren lekukoa. Hainbat irakurle talde dinamizatzen ditu Aldazabalek eta Skolastikako kide da, kritika literario feministan aritzen den elkartea.
Eibartarrak herenegun, astelehena, izan zuen estreinaldia, Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburua aztergai zutela. Taldean, berez, 17 lagun dira, eta, asteleheneko saioan 13k parte hartu zuten, Udal liburutegia eurentzat itxita zutela.
Hurrengoa idazlearekin
Hurrengo hitzordua dagoeneko zehaztuta dute. Azaroaren 18an elkartuko dira eta saio berezia izango da. Blues Hotsak-ekin batera antolatuta, musika ere gaitzat daukan Izotz ura eleberria izango dute aztergai, eta taldearen saioan, liburuaren idazle Lide Hernandok ere parte hartuko du. Ekitaldia irekia izango da, beraz, edozein bertara daiteke.
Oro har, Euskarazko Irakurle Taldean bertan ere interesa duen edozeinek eman dezake izena. Irailetik maiatzera bitartean elkartzen da taldea,bi hiletik behin, eta, ikasturtean bost liburu irakurtzen dituzte. Bat Udalak ematen du opari, hiru Udal Liburutegitik eskuratzen dira eta beste bat partaideek erosteko konpromisoa hartzen dute, Irakurri eta Gozatu kanpaina aprobetxatuz. Taldean izena emateko nahikoa da Udal Liburutegira bertaratzea.