Gerran erbesteratutako umeen erakusketa inauguratuko dute gaur Arrasaten

Erredakzioa 2024ko ira. 19a, 09:22

Erakusketaren aurkezpena. Iturria: Goiena.eus.

Gaur, eguena, inauguratuko dute ofizialki Arrasateko Kulturateko klaustroan Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak izeneko erakusketa. Bertan, 600 ume baino gehiagoren argazkiak erakutsiko dituzte (tartean, plazentziatarrak) eta horrekin batera, Judith Martinez Estradaren instalazio artistikoa ere ikusi ahalko da.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak duela lau urte eta erdi hasi zuen Espainiako Gerra dela eta atzerrira ihes egin behar zuten ume gipuzkoarren inguruko lanketa eta orain arte egindako ibilbidean mugarri bat izango da gaur inauguratu eta bihartik aurrera  urriaren 12ra arte, Arrasateko Kulturateko klaustroan bisitatu ahalko den Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak izeneko erakusketa. Debagoieneko elkartearen, BCA’1937 UK-Euskadi elkartearen eta Memory as Transgenerational Care ­–Memoria Belaunaldiarteko Zaintza Moduan- ekimeneko lantaldearen arteko elkarlanaren arteko fruitua de proiektua. 

Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Julia Mongerek azaldu duenez, hiru zutabe ditu proiektuak: "Alde batetik, Josu Txuekak egin duen eta 600 argazki baino gehiagok osatzen duten katalogo baten bidez, erbestearen testuinguru sakon bat egin dugu. Kulturateko erakusketako paneletan modu laburrean azaldu dugu hori. Bestetik,  Monica Jatok belaunaldien arteko memoriaren zaintzaz egin duen teoria dago. Eta azkenik, Judith Martinez Estradak egindako artelanak daude, gaia alde bisual batetik lantzen dutenak".

Erakusketa, hiru astez

Eguenean erakundeetako ordezkariekin eta erbesteratutako umeen zein haien senideekin 18:00etatik aurrera egingo duten inaugurazio ekitaldian, herriko zein bailarako hainbat kultur elkartek hartuko dute parte, baita Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak ere.

Urriak 12ra arte egongo da erakusketa Kulturaten, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta zapatuetan goizez. Proiektuaren baitan atera duten katalogoa bertan zein Elkar dendan eskuratu ahalko da 10 euroren truke.

Informazio hau Goiena.eus-etik ekarri dugu CC lizentziari esker. Irakurri jatorrizko albistea osorik HEMEN