Juan Martin Aristik eta Ramon Barrutiabengoak erretiroa hartzeaz bat ekin zioten berriro ere margotzeari, Juanjo Altuna Akizu margolari arrasatearra maisu eta lagun dutela. Atzo inauguratu zuten bien obraren mostra batekin osatutako lehen erakusketa pertsonala, Araneko erakusketa aretoan.
Figuratiboa eta abstraktua
Juan Martin Aristik esplikatu zuenez, “denbora luzean” egindako lanak jarri ditu ikusgai. Abstrakziorako eboluzioa erakusten dute, besteak beste. “Aspaldi margotzen nuen, baina ezin nuen maiztasunez margotu lan egiten nuelako; noizean behin obra bat margotu eta laga egiten nuen. Gero, erretiratu nintzenean hasi nintzen berriro, orain dela 11 urte. Olioarekin hasi nintzen eta orain akrilikoekin margotzen dut, erosotasunarengatik eta garbitasunarengatik. Olioan, denbora gehiago behar da sikatzeko, denbora gehiago bigarren kapa emateko, pintzelen garbiketa oso garrantzitsua da koloreak nahas ez daitezen… akrilikoa oso erraza da urarekin garbitzeko eta horregatik eman dut pauso hori”.
Ramon Barrutiabengoak, berriz, azken 8 urteotako lanak jarri ditu ikusgai. Pintura figuratiboa lantzen du hark: “Ni orain dela 8 bat urte hasi nintzen berriro ere margotzen, erretiratu eta gero. Ez daukat abstrakturako eboluzio hori, baina ahal dudana egiten dut. Olioz margotzen dut. Horrela hasi nintzen, eroso nago eta ez dut pentsatzen aldatzerik.”
Maisuak bultzatuta
Bien irakasle eta margolari entzutetsua den Juanjo Altuna Akizu ere izan zen inaugurazioan. Berak animatu zituen soraluzetarrak erakusketa jartzera: “Esan nien pauso bat aurrera emateko. Norberaren lanak paretetan ikusten direnean eta jendearen iritziak entzun, hor beste zentzu bat jasotzen duzu”.
Bi artistek eskerrak emanez borobildu zuten aurkezpena. Udalari eskerrak, erakusketa egiteko espazioa lagatzearren eta bisitariei eskerrak, erakusketa ikustera joan eta euren iritziak partekatzearren.
Garapena izeneko erakusketa irailaren 28ra arte izango da ikusgai, astelehenetik barikura, 18:30etik 20:00etara eta zapatuetan, 12:00etatik 13:30era.