Abuztuaren 22an abiatu zen Plaentxia.eus atarian Udako Argazki Lehiaketa eta irailaren 5era arte izan da argazkiak bidaltzeko aukera. 54 herritarrek aurkeztu dituzte argazkiak, guztira, 250. Leku eta gaiek artean, denetarikoak: mendikoak, itsasokoak, hirietakoak, animalienak, pertsonenak... Munduko hainbat eta hainbat herrialdetakoak.
Pil-pileanek parte hartze "handia" eta jasotako argazkien "ugaritasuna eta kalitatea" nabarmendu ditu.
Sari nagusia Reciorentzat
Mikel Reciok Bisaurin mendian (Pirinioak) ateratako argazkiak jaso du epaimahaiak izendatutako sari nagusia, bi lagunentzako otortua Txurruka jatetxean. Epaimahaia Juan Fernandez eta Arkaitz Arana argazkilariek osatu dute eta Pil-pilean Komunikabideko lan taldeak.
Epaimahaiak ondorengo ezaugarriak nabarmendu ditu Mikel Recioren argazkian: “Konposizio aldetik, oso ona. Argiari dagokionez, kontrargi ederra da eta saturazio gutxikoa. Gainera mendiko tematika argazki askotan ageri da eta argi dago bat datorrela udako lehiaketarekin eta horrez gain, argazkia kalitate onekoa da".
Publikoaren sarian berdinketa
Publikoaren bozketan, guztira, 245 boto jaso dira eta 32na botorekin berdinduta gelditu dira Marina Gabilondoren Korfuko (Grezia) argazkia eta Miren Josune Astigarragaren Malagakoa.
Korfu (Grezia). Egilea: Marina Gabilondo.
Tximeleta Malagan. Egilea: Miren Josune Astigarraga.
Horren aurrean eta argazki lehiaketak izan duen parte hartze handia kontuan hartuta, antolatzaileek erabaki dute, saria bikoiztea eta parte hartzailea bakoitzari sari bana ematea alegia, Egotza gaztandegiko ahuntz gazta bana.
Partaide guztiek opari "karakola"-ren pegatina
Pil-pilean herri komunikabideak eskerrak eman nahi dizkie lehiaketan parte hartu duten herritar guztiei eta gogorarazi, partaide guztien Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen karakola autorako pegatina jaso ahalko dutela. Pegatina Pil-pileanen bulegoan zein Iratxo goxo-dendan jaso dezakete.