Elkarrizketa

"Etorri eta disfrutatu Errekaldeko jaietan"

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 11a, 16:16

Barikuan, irailaren 13an, hasiko dira Errekaldeko jaiak eta domekara arte bada han zer aukeratu. Auzokide asko dabil jaiok prestatzen. Gaur, eguaztena, auzoko plazan zebiltzan hainbat lagun lanean eta txosna ere gaur bertan muntatu dute. Antolatzaileek diotenez, aurten, indartuta datoz auzoko jaiak (ikus egitaraua).

Berritasunekin datoz Errekaldeko jaiak…
Bai, musika eta umeendako jolas gehiago izango da, adibidez uretako puzgarriak.
Barikuan bertan hasiko zarete musikarekin…
Bai, musika estiloa apur bat aldatu nahi dugu. Bikustik taldea ekarriko dugu, elgoibartarrak dira, musika desberdina egiten dute eta ea funtzionatzen duen. Eta barikuko karaokea ere berria izango da; hori ere ea zelan irteten den.
Karaokea zelatan?
Iaz geneukan egiteko intentzioa eta aurten aukera sortu da.
Zapatuan ere aldaketak izango dira.
Bai, kantautore bat ekarriko dugu, Camilo Fauno, uste dugu jendeari gustatuko zaiola. Eta zezenik ez dagoenez, umeendako jolasak izango dira, futbitoa eta Kukumixoren jolasak.
Eta puzgarriak domekan, ezta?
Bai, hori ere berria; uretako puzgarriak izango dira eta apar festa ere egingo dugu.
Txosna oinarrizkoa da Txurrukeneko jaietan…
Bai. Iaz, adibidez, 300 bat bokata egin genituen.
Zenbat lagun ibiliko zarete bertan lanean?
Bokatak egiten 8 eta edariak zerbitzatzen 10-12 lagun.
Eta jaiak antolatzen?
10 bat lagun inguru gara eta gero, jende asko dabil inguruan laguntzen.
Azken urteotan aurpegi berriak ikusten dira jai batzordean. Erreleboa ziurtatuta dago?
Hori dirudi (barreak). Ea ez garan gure artean hasarretzen (barre).
Diru aldetik ondo?
Iaz ondo irten ziren gauzak, txosnan-eta ondo ibili ginen eta horri esker antolatu ahal izan ditugu jai indartsuagoak. Udalak eman digu laguntza, errifak ere baditugu oraindik eskuragarri… Izan ere, guztira, jaiak antolatzea izango da 10.000 euro inguruko gastua.
Herritarrendako mezuren bat?
Etortzeko eta disfrutatzeko. Herriko festak dira hauek ere eta herriko festak bultzatu egin behar ditugu.