Zapatuan, Kataluniako Alella, Donostiako Bera-Bera, Iruñeko La Unica, Eibarko Putre Zaharrak eta SoraGazteak errugbi taldeetako beteranoek eta herriko taldeko gazteek bat egin zuten SoraGazteak errugbi taldeak antolatutako topaketan. 50 bat lagun elkartu ziren guztira.
Kirola eta jaia
Goiza hasteko, beteranoak bi taldetan antolatu ziren; batetik iruindarrak eta bestetik gainerakoak, eta, elkarren arteko partida jokatu zuten, Mutrikuko Rugby Taldeko presidentea epaile zela. Izerditan blai bukatu zuten, dena emanda. Ondoren, zelaian zeuden errugbilari gaztetxoekin jokatu zuten beste partida bat.
Ezoziko zelaikoak bukatuta, frontoian elkartu ziren guztiak, herrikideek prestatutako paella-jana egiteko. Azkenik, errugbi jolasak eginez borobildu zuten eguna.
HEMEN klikatuta ikusgai Aimar Igartua SoraGazteak klubeko jokalariak egindako bideoa.
Ateak zabalik
Bestalde, bihar, eguaztena, hasiko dira ohiko entrenamenduekin SoraGazteak Errugbi Taldekoak. Aurten, bi entrenamendu saio izango dituzte: astelehenetan, 16:00etatik 17:00etara eta eguaztenetan18:00etatik 19:30era (bihar beranduago, futboleko kadeteen partida bat tarteko).
SoraGazteak Errugbi Taldeak ateak zabalik ditu errugbian jardun nahi duen edonorendako. Enekoitz Igartua bertako kideak esan duen moduan, “nahi duenak etortzeko, ikusteko, probatzeko eta, nahi badu, jarraitu jarrai dezala. 8 urtetik gorako edozeinendako daude ateak zabalik. 16 urtez azpikoak ere izango dira, nahiz eta Soraluzen maila horretan talderik ez izan federatzeko gutxieneko kopurua behar delako, gazte horiek hemen entrenatuko dira eta lehiatu nahi badute, Arrasateko edo Eibarko taldeekin lehiatu ahal izango dira, aurten biekin egongo baita SoraGazteak Rugby Kluba”.