Bihar, zapatua, goizaldeko bostetan hasiko dira 50 litro inguru salda prestatzen, eta, geroxeago txorizo pintxoak, herritar goiztiarrenak doazenerako guztia prest izateko. 1995etik dihardu Mikel Ostolazak San Martzialen tradiziozko salda banatzen eta aurten, Ibai Kortabarriak lagunduko dio zeregin horretan.
Ostolazak esplikatu duenez, “tradizioz, 00:00etan hasten ginen salda egiten, baina, bagoaz bi urte 05:00etan hasten naizela. 1995era arte, Eli Lakuesta eta Jose Mari Larrañaga Txistu ibili ziren salda egiten. 1995ean, nik hartu nuen Eli Lakuestaren erreleboa eta Ximun Larrañagak bere aitarena. Aurten, Ximunen partez, bestetan laguntzaile fina izan den Ibai Kortabarria ibiliko da nirekin”.
Ostolazak gaineratu duenez, “jairik egon ez arren, salda hortxe egongo da, tradizioa mantentze aldera. Azken 30 urtetan birritan bakarrik ez da egin, Asier eta Iñakiren heriotzaren egunean eta pandemian. Asmoa da karidadeko saldaren tradizioa mantentzea. Salda banatzea da egun honen arima.
Intsumisioagatik burua moztu
Karidadeko salda partitzea San Martzialgo ermitako zaindarien egunean egiten da, San Emeterio eta San Zeledonio. Ostolazak esplikatu du zelan ermitaren sorreran San Martzial zela santua baina aspaldi elizak aldatu eta San Emeterio eta San Celedonio ipini zituela. “Orain, ermitan, San Martzial albo batean dago eta San Zeledonio eta San Emeterio erdian”, dio.
Emeterio eta Zeledonio santuen jatorria ere esplikatu du Ostolazak, berak dioen moduan, “lehen intsumisoak” izan zirelako hil zituzten biak ala biak: “Emeterio eta Zeledonio Errioxako bi gazte ziren. Erromatarren garaian militar izatera bidali zituzten erromatar armadarekin, baina ez ziren joan, intsumiso egin ziren, eta burua moztu zieten. Eta gero, Elizak egin zituen martiri eta santu”.