Zelan animatu zara taberna hartzera?
Aspaldi nahi nuen tabernaren bat hartu. Covid garaian lan barik gelditu nintzen eta hemen, Eibarren, Bergaran… taberna bila ibili nintzen. Baina ez nuen topatu, sasoi txarra zen. Gero, enpresa batean hasi nintzen lanean, 2020an, gaur arte. Enpresa laga egin nuen, nahiago nuen beste zerbait. Taberna bat izan nahi nuen eta lortu dut.
Ez da oso ohikoa norbaitek taberna bat zabaldu nahi izatea…
Nik gustuko dut. Bolivian, ama bizi zenean, denda txikitxo bat geneukan. Denetik saltzen genuen. Anai-arrebak han hazi ginen. Eta hemen antzerako zerbait nahi nuen, jendearekin harremanetan egoteko… Orain arte ez dut aukera larregirik izan horretarako.
Zeu bakarrik ibiliko zara lanean?
Ez. Beste langile bat ere egongo da, Venezuelakoa.
Zelan funtzionatuko du tabernak?
Goizean goiz zabaltzeko asmoa daukat, pintxoekin. Gero, 20:00etan, sukaldea zabalduko dut, errazioak, pintxoak eta bokadilloak emateko. Eta asmoa daukat munduko pintxoak ere ipintzeko. Adibidez, behin, nirekin lan egingo duen venezolarrak (sukaldaria ere bada) egingo ditu pintxoak; beste batean kolonbiar batek; Nikaraguakoak ere egingo ditugu; hurrengoan nik… hemengo pintxoekin batera, mundukoak ere izango dira. Gauean, berriz, itxi arte egongo gara eta terraza ere ipiniko dut.
Zelan ikusten duzu taberna?
Polita da. Ondo dagoela pentsatzen zait.
Gogotsu egongo zara…
Bai. Lehenago nahi nuen zabaldu, abuztuan, baina tramite kontuengatik ezin izan dut hori egin.