472 ikaslek hasiko dute ikasturtea bihar

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 5a, 15:36

Bihar, barikua, 2024-2025 ikasturteko lehen eguna izango dute Plaentxia Eskolako zein Soraluze BHI Institutuko ikasleek. 281 ikasle matrikulatu dira Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 191 ikasle, berriz, institutuan. Bi eskoletan aldaketak izango dira abiatzear dagoen ikasturtean.

Plaentxi Eskolari dagokionez, bihar, 10:00etatik 12:30ak arteko jarduna izango dute bihar, aurkezpena egin eta elkar ezagutzen hasteko. Jolasen bitartez egingo dute hori.

Irakurketa indartu

Datuen arabera, berriz, 2024-2025 ikasturtean, 281 ikasle izango dira, Haur Hezkuntzan 81, iaz baino 10 bat gutxiago eta Lehen Hezkuntzan, 200 ikasle, iaz baino 15 bat gutxiago. Beraz, azken urteotako joerari jarraiki, 25 bat ume gutxiago izango dira eskolan. Osterantzean, haiekin lanean 35 maisu-maistra ibiliko dira. 

Ikasketei dagokienez, besteak beste, aurten, eskolak irakurketa maila hobetzeko interesa duela jakinarazi dute. Horretarako, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak atera dun irakurketa estrategiara atxikiko dira. 

Gela bat gehiago

Soraluze BHI Institutuari dagokionez, berriz, 191 ikaslek hasiko dute ikasturtea. Kasu honetan, azken urteotan baino ikasle gehiago izango ditu institutuak ze aurten eskolatik bertara joango diren ikasle kopurua eta iaz joan zirenak azken urteotakoak baino handiagoak dira. 

Hori horrela, aurtengo ikasturtean bi talde gehiago izango dira institutuan, eta bat, aniztasun kurrikularreko gela, musika eskolako eraikinean kokatuko dute. 3. DBHkoak izango dira bertan.

Irakasleei dagokienez, jardun herenak-eta kontuan hartuta, 40 bat izango dira aurten. Erdia baino gehiago berriak izango dira, Europatik etorritako legea eta oposizioak tarteko, mugimendu handia egon baita ikastetxeetan.

Metodologiari dagokionez, berriz, aldaketa dator institutura. 1. DBHkoak eremuka hasiko dira lanean. Eremuetako bat zientifikoa izango da eta hor matematika natur zientziekin batera izango da. Beste eremua soziolinguistikoa izango da eta hor joango da euskara gizartearekin batera. 

Horrek ekarriko duen beste ondorioetako bat da ordu asko egongo direla irakasle berberarekin. Hartara, besteak beste, eskolatik instituturako aldaketa ez zaie horren handia egingo hasiberriei.

Haurreskolako matrikulazioa

Bestalde, Haurreskolak hasita dauka ikasturtea. Orain, aurreko ikasturteko 12 ume daude eta beste 3 berri hasiko dira irailean laster. Eta horrez aparte, zabalik dago Haurreskolan izena emateko epea. Urrian Haurreskolan hasi nahi duten familiei zuzendutako deialdia da. Interesa duenak, internetez eman dezake izena, edo Haurreskolara bertara joanda. Irailaren 10era arteko epea dauka horretarako.