Gaur, jaien bigarren egunean, Plaza Zaharrean girotu da festa goiz-eguerdi partean, tortilla lehiaketaren bueltan. 13 bikote izan dira lehiakide, beteranoak gehienak baina baita berriren bat zein beste ere.
11:00etan hasi dira patata tortilla prestatzen eta 12:30erako entregatu behar izan dute hura. Ordu laurden geroago, berriz, entregatu dituzte bigarrenak, tortilla bereziak. Aurten, nahiko klasikoak prestatu dituzte. Onddoak zituztenak bi, odolostearekin, piperrekin, gaztarekin… eta bat asunekin.
Irabazleak
Epaimahaiak denbora hartu du guztiak behar den moduan begiratu, ikusi, dastatu eta puntuatzeko eta batuketak egin ondoren jakinarazi du epaia. Hori bai, azpimarratu dute egindako tortilla guztiak “oso-oso onak” zeudela.
Epaimahaia honakoek osatu zuten: Iratxe Benitok, Esther Cruzek, Nerea Mendiak eta Crecenciano Hernández Chanok.
- Patata tortillak
Txapeldunak: Roberto de la Rosa eta Nelli Gisasola
Bigarren: Montse Cerrejon eta Ane Orbea
Hirugarren: Ander Epelde eta Piedad Gallastegi - Tortilla berezia:
Txapeldunak: Montse Cerrejon eta Ane Orbea
Goiza borobiltzeko, plazara gerturatu diren herritarren artean banatu dituzte egindako tortillak, pintxo eran, 260 pintxo guztira.