Tortilla lehiaketarekin batera, abuztuko jaietan zezenek erakartzen dute jende gehien. Etzi etorriko direnak prest daude. Zehazki, 8-9 bat animalia ekarriko dituzte Mutrikuko Arno ganadutegitik, zezenak zein behiak, eta, mantsoa ere bai, haiek kamioira sartzen laguntzeko.
Ordu eta erdiko saio bana egingo dute goizean zein arratsaldean, 11:00etan eta 18:00etan. “Animalia batzuk aldatu egingo ditugu goizetik arratsaldera. Kalean ibiltzen dira eta hankak gastatu egiten zaizkie, hori ez gertatzeko aldatu egiten ditugu”, esplikatu du ganadutegiko Andoni Mugertza ugazabak.
Hark gaineratu duenez, normalean, goizean jende gutxiago ibiltzen denez, zezen eta behi gazteagoak atera ohi dituzte eta arratsaldean, berriz, gehiago ibilitakoak edo “eskola” gehiago dutenak. Hori bai, guztiak dira txiki-txikitatik plazetan eta kaleetan dabiltzanak.
Tradizio luzea Soraluzen
Soraluzeri dagokionez, berriz, Mutrikuko Arno ganadutegiak tradizio luzea du bertara etortzen, 35-40 bat urtean ekarri baitituzte Mutrikuko zezentxoak. Hark adierazi du Soraluzeko zezen-saioek badutela xarma berezia, egiten den lekuarengatik, baina gertakariak ere izan dira. Adibidez, uztaileko jaietan, zoritxarrez, zezen bat akabatu egin zen, hesi baten kontra kolpe txar bat hartu ondoren.
Horrekin lotuta, Mugertzak adierazi du halakoak “gertatu daitekeen” zerbait direla. Soraluzeren kasuan, beste batzuetan banku artean sartu izan dituztela hankak, orain ere, bankuek izkinak bizi-bizi dituztela esan du eta orain, adibidez, farola gehiago dagoela kalean. Horrek guztiak zaildu egiten du zezenaren ibilia.
Errekortadoreen inguruan
Kontuak kontu, zapaturako gertu daude Arnoren zezenak eta behiak eta noski, besteak beste errekortadore-zaleak erakarriko dituzte saioek. Horren harira, Mugertzak adierazi du errekortadoreak daudenean gauza polita izaten dela ikusteko; hori bai, zenbat eta gehiago irten, animaliaren arriskua handitu egiten dela ere gaineratu du, “zenbat eta buelta gehiago eman, hanketatik izorratzeko arrisku handiagoa” baitute, “baina begira dagoenak ere nahi du zerbait ikusi-eta… Kontua da animaliei errespetua ematea, izan errekortadorea ala herriko beste edozein”.