Uztaileko jaietako bakailao lehiaketa moduan, abuztuko jaietan, tortilla lehiaketa izaten da ekitaldi preziatuetako bat eta badirudi aurtengoa bizi datorrela, dagoeneko zortzi bikotek eman baitu bertarako izena.
Guztira, 12 bikoterendako lekua dago, beraz, oraindik bada beste laurentzat lekua. Izena emateko udaletxeko harrera bulegora jo beharra dago.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, iaz moduan, aurten ere 12 urtetik gorako bikoteek parte hartu ahal izango dute.
Bi tortilla
Lehiaketari dagokionez, berriz, 11:00etan hasiko dira tortillak prestatzen Plaza Zaharrean. Lehiakideek ia bi ordu izango dute bi tortilla mota prestatzeko, patata tortilla eta tortilla berezia, azken hori bakoitzak nahi duen erara.
12:45ean, epaimahaiaren esku geratuko dira tortillak; epaimahaikideek mota bakoitzetik hiruna saridun aukeratu beharko dituzte eta sari banaketa eginda, tortillak dastatzeko txartelak banatuko dituzte bertaratzen diren herritarren artean.