Ikerne Laskurainek kontatu duenez, Soraluzeko anbulatorioko ekografoarekin ezin da jakin ekografia bertan egin ahal izango den ala ez. Batzuetan badabil eta bestetan ez. Eta ez dabilenean, haurdunak, anbulatoriotik pasa ostean, Mendarora joan behar izaten du ekografia egitera, askotan, goiz osoa horretan “galduta”.
Atzo, berari gertatu zitzaion hori. 09:30ean zuen ekografiarako zita, baina makinak arazoak eman zituen eta 13:00etan Mendarora joan behar izan zuen ekografia egitera.
Laskurainek dioenez, bera ahalegindu da osasun profesionalekin batera arazoari irtenbidea topatzen, baina ez du emaitza positiborik lortu. Gaineratu duenez, egoeraren jakitun diren arren, ekografoa ez dute konpontzen, berririk ez dute ekartzen eta gainera, haurdunei zitak Soraluzeko anbulatorioan ematen segitzen dute, nahiz eta gero, askotan Mendarora joan behar, “eta azkenean, pazientea kaltetuta”, dio.
Egoeraren aurrean, Laskurain prest dago bere egoeran dauden beste batzuekin batera indarrak batu eta elkarrekin kexua bideratzeko Osakidetzara. Berarekin harremanetan jartzeko: 677 34 13 57.