Soraluzeko Jaiak 2024

Maite Iñurrieta: "Jaixak errespetuz"

Erredakzioa 2024ko uzt. 30a, 18:25

Maite Iñurrieta herritarrak gutuna idatzi du Plaentxia-eus-era  jaietan izaten den "larregizko zarata" salatuz eta gaiaren inguruko hainbat galdera mahaigaineratuz, "dagokionarendako". Zaratari lotuta, beste hainbat herritarren kexak ere jaso ditu Plaentxia.eus-ek. 

"Danok dakigu jaixak eta zaratia eskutik datozela, eta urtero jasan bihar izaten dogula larregiko zarata hori, batez be, erdialdian bizi garanok. Jaixak dira eta bueno, jasan deigun ba burrundaria. Aurten, festetako azken egunian, txaranga ibili jaku ordu txikixetan herriko kaliak "alaitzen". 
 
Nun gelditzen da udaletik eskatu eta aldarrikatzen dan "jaixak errespetuz"?; Nun bukatzen da zure ondo pasatzeko gogua eta nun hasten da nere lasai deskantsatzeko eskubidia?; Jaixen izenian danak balio dau?; Edozein ordutan hasi geinke petarduak botatzen?; Ze ordutara arte jasan bihar da musika baimendutakoa baino dezibelio altuagoetan? Hor hainbat galdera, dagokionarendako. 
 
Jaixak danondako, noski, haur, gazte eta helduondako".
 

Kainoikadak eta petardoak 

Jaietako gehiegizko zaratari lotuta, beste hainbat herritarrek ere helarazi ditu kexak Plaentxia.eus-era. Besteak beste, zenbait herritarrek salatu dute jaien hasierako eta danborrako zenbait kainoikada gogorregiak izan direla, hainbat ume "beldurtu eta negarrez" ipintzerainokoak eta, beste hainbatek salatu dute jaietan zehar, petardo "oso potenteak" lehertu direla eta horietako zenbait, ordu txikietan eta etxeetako atari barruetan ere bai.