Gaur, gazteak inor baino lehen murgilduko dira jai-giroan,12:00etan, txapligua jaurtiko baitute zubiko iturritik. Ordutik aurrera, egun intentsua izango dute Galtzagorrixek. Besteak beste, 150 lagunendako bazkaria dute prestatuta.
Arratsaldea, berriz, kirol hitzorduekin estreinatuko da. 17:15ean, zunba izango da zubian, toka eta igel txapelketa ere bai eta 17:45ean, berriz, Futbito Txapelketako Kopako Finala jokatuko da Araneko frontoian, Drink Team eta Marsora taldeen artean.
Kanoikadan danborrada
Ondoren izango da kanoikadaren hitzordua, 19:00etan. Bertan izango dira kanoia zaintzen mikeletez jantzita Frantziska Iraolagoitia eta Sergio Mari Zabala koinatuak eta baita urte luzeetan kanoia prestatzeaz arduratu diren danborradako hainbat kide ere.
Udaletxeko balkoia, berriz, bete-beteta egongo da. Aurten, danborradako ordezkariek esango dute kanoikadaren aurreko pregoia eta segidan, Artillero pieza joko dute udaletxeko balkoian.
Gero danbatekoa jaurti eta festa lehertuko da zubian, asko ibiliko dira gaseosarekin eta bestelakoak elkarri bustitzen. Osintxuko buelta egin duten Marrasek eta Galtzagorrien txarangak hartuko dute lekukoa segidan eta kalerik kale ibiliko dira jai-giroa zabaltzen. Zubikoa moduan, ordurako zabalduta izango da, baita ere, Plaza Zaharreko txosna.
Futbitoko finala eta musika
Serioago, berriz, ibiliko dira Arane kiroldegian Futbito Txapelketako finalistak, Jubiletak eta atzo sailkatu zen Nothingan Miedo taldea. 19:45ean hasiko da bien arteko finala.
Jaien hasiera musikarekin borobilduko da gauean. Plaza Zaharrean Tapia eta Leturia Banden esku izango da musika eta zubian, Malko, Zentzu Okerrak eta Kaparrak taldeen esku.