Aspaldi Soraluzera etortzeke.
Egia. 2007an-edo azkenekoz. Oso polita egin genuen hura, plazatxo batean izan zen. Birritan egon gara, bestea Gaztetxekoek-edo antolatuta.
Orain zelako taldea dator?
2007an gelditu ginen Leturia eta biok, iaz elkartu ginen garai bateko Tapia eta Leturiari berrikuntza emanez. 11 musikari izango gara eta garai bateko diskografiako kantuen bildumatxoa egiten dugu.
Rocka, trikitia purua… denetik?
Nik trikitixa purua ez dut inoiz ezagutu. Zikina izan zen beti, kanpotik etorritako instrumentua, gure ohitura garbiak zikintzera zetorrena eta hori ia baserri munduan bakarrik kontsumitzen zen; irratietako errepertorioak jotzen ziren soinu handiarekin, pasodobleak-eta. Gure garaian euskal munduan aldaketa handia izan zen, baserritik kalera; hor hasi zen, baita ere, euskal rocka, eta trikitia interesgarri bihurtu zen bat-batean guztientzat, nazionalismoarentzat, rockarentzat, erromeriarentzat… guri tokatu zitzaigun erdian egotea eta hasi ginen gure garaiko musikarekin nahasten. Ezagutzen genituen kanpoko esperientziak, Flaco Jimenez… Hemen Ruper Ordorika, Hertzainak… hasi ziren sartzen trikitia euren musiketan eta gu izan ginen lehenak aldrebes egiten.
2002an grabatu zenuten azken diska, Gaztelupeko Hotsak-ekin. Bukatu da disko-grabaketa?
Hori zan zen Tapia eta Leturiaren azken diskoa baina bakarkako ibilbidea hasita nuen eta 9 disko grabatu ditut tarte horretan. Leturiak ere bere gauzak egin ditu Korrontzirekin, Iñaki Dieguezekin… disko munduan jarraitu dugu, ez dugu sekula utzi.
Zer dela-eta elkartu zarete berriro Leturia eta zeu?
Epokak izaten dira. 2007tik bakarkako lanetan nabil, 9 disko jada. Gogoa ere bai. Utzi genuenean ere esan genuen tarte bateko geldiunea izango zela. Gogoa piztu zaigu, talde potentea dugu, pieza zaharrei moldaketak egiten hasi ginen eta horrelaxe.
Eta zela doa itzulera?
Iazko abuztuan hasi ginen. Jendeak gogoratzen ditu kanta haiek eta izugarrizko festak antolatzen ditugu. Azkenaldikoak oso politak izan dira. Elgoibarren hasi ginenean, Oñatikoa, Usurbilgoa oso potentea izan zen, Markinan ere oso giro ederra… Oso pozik gabiltza, giro ederra dugu taldean eta oso animatuta.
43 urte taula gainean; oraindik sasoiko, ala?
Ba bai. Urte batzuk pasa dira, norberak ez ditu hainbeste sentitzen. Gu baino musikazaleagorik baden ez dakit, eszenatokia droga moduko bat da. Behar izaten dugu sortzen ditugun piezak jendaurrera atera erreakzioak ikusteko, gure zeregin musikalean ohiko ibilbidea da. Jarraitzen dugu hasieran bezalaxe orain eta gure heriotzaren ordura arte amen.
Besterik nahi baduzu gaineratu…
Pozik goazela Soraluzera. Oso herri inportantea izan da guretzat, ez bakarrik Gaztelupeko Hotsak; horko gazte belaunaldiekin konexio handia izan dugu. Nire hasierak han izan ziren, San Andresen, Ezozin…17 urterekin egin nuen lehen ekitaldia Lazkao Txikirekin eta Goenatxorekin, frontoirik ere ez zen han. Soraluze oso inportantea izan da guretzat eta gogotsu goaz.