Zezen Beltzen eta Toropasionen eskutik, Santio Egunean, 18:00etan hasiko da Azpeitiako Errekortari Txapelketan –sarrerak salgai daude-. Bederatzi lagun izango dira lehian, Valentziatik, Valladolidetik eta besteak beste Madrildik bertaratuko direnei lau euskal herritar gehituko zaizkie aurten, tartean, Gorka Santamaria soraluzetarra.
Hauxe da parte hartuko dutenen zerrenda eta palmaresa:
- Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako irabazlea 2016an, 2017an eta 2018an. Eta Azpeitiko txapeldun iaz.
- Javier Hernandiz (Montroy, Valentzia, Herrialde Katalanak). Aurreko urteko Espainiako txapelduna.
- Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril). Espainiako irabazlea hiru aldiz. Bost aldiz txapeldun Madrilen.
- Aaron Grande (Iruñea). Espainiako txapeldun hiru aldiz, lau aldiz txapeldun Bilbon, Iruñean behin, eta errekortari ligako txapeldun beste behin.
- Diego Almarza (Parla, Madril, Espainia).
- Gorka Santamaria (Soraluze, Gipuzkoa).
- Mikel Vallejo (Gazteiz).
- Noel Ribera (Museros, Valentzia, Herrialde Katalanak). Valentziako falletan eta Castellon txapeldun.
Elkarrizketa
"Zailena da jakitea zezenari zer egin ahal zaion egin eta zer ez"
Lehiaketaren harira, elkarrizketa egin diogu Gorka Santamariari. Azpimarratu du pozik dagoela aurten ere gonbidatu dutelako eta gogo handia duela parte hartzeko.
Zer moduz zaude?
Gogo askorekin, urduritasunak-eta ez dira heldu oraindik, eguna heltzen doan neurrian ipiniko naiz urduri. Baina, gogoekin nago, ondo egiteko eta disfrutatzeko.
Hirugarren urtez Azpeitiko txapelketan; ez da gutxi.
Azpeitiko Errekortari Txapelketa Euskal Herriko inportanteenetakoa da eta hirugarren urtez jarraian Zezen Beltzek eta Toropasionek parte hartzeko aukera ematea gauza handia da niretzat. Urtero datoz goi mailan dauden errekortariak eta eurekin plaza konpartitzeko aukera izatea gauza handia da.
Baduzu pentsatuta zer egin ala hori zezenaren arabera egingo duzu?
Nire burua kebradoretzat daukat, beti noa zezenei iskin egiteko asmoarekin, baina zezena irteten denean saiatu behar da ikusten zer ahal zaion egin eta zer ez, hori da zailena, zezena irtetean jakitea zer egin.
Zelako zezenak dituzu gustuko?
Nik kebratzen dudan moduan kebratzeko, fuerte arrankatzen duena zezena, transmititzen didaten zezenak.
Ibili zara entrenatzen?
Guretzat denboraldia orain, uda partean hasten da. Maiatza erdialdean Bergarako jaietan izan genuen denboraldiko lehen txapelketa, ondo irten zitzaigun, bigarren sailkatu nintzen, orain dator bigarrena eta uda aurrera doala aterako da zerbait. Azken momentuan deitzen gaituzte eta oso gutxitan, jende asko dago eta gu hasiberriak gara. Halako txapelketetarako Nafarroan, Aragoin, Valentzian, Gaztelan… jende asko dago. Gu, hasiberriak, gustura joaten gara deitzen gaituzten lekura ea horrrela jarraitu beharko dugu.
Azpeitin, zein da faborito zuretzat?
Zezenari dagokionez, gustatuko litzaidake zuria, jaboneroa. Itxurarengatik hori da gehien gustatzen zaidana. Lehiaketa irabazteko faboritoak, berriz, urteroko puntakoak, Use, Peta…