Eibartarrekin batera, ingurutik eta urrunagotik bertaratutako 60 bat Lambretta motozaleek – Asturiastik, Burgostik, Kataluniatik, Valentziatik…- 19. aldiz ospatu zuten Lambretta Eibar topaketa.
60ko hamarkadan Eibarren fabrikatzen zen motor ikoniko horiez gozatu eta batez ere, zaletasun horren bitartez Eibarko ondare industriala goraipatzeko asmoz 2003an sortutako Lambretta Eibar Klubaren eskutik gauzatu zuten asteburuko ekitaldia.
Zaharberritutako Lambrettak errepidera atera eta 215 kilometroko ibilbidea egin zuten zapatuan, Eibartik irten eta hara bueltatuta. Bidean, Txurruka jatetxean bazkaldu zuten eta horri esker, soraluzetar askok ere ikusi ahal izan zituzten Eibarren egindako motorrak.
Bizikletatik motor izatera
Eibarren, Lambretta Locomociones S.A. enpresak fabrikatzen zituen Italiako Milanen jatorria zuten Lambretta motorrak, Florencio Irigoyen Berrondoren eskutik.
1950eko hamarkadaren hasieran zabaldu zuten fabrika, bizikleta motordunak egiteko helburuarekin. 1953. urtean instalazio-lanak hasi ziren: bulegoak, lantegiak eta motozikletentzako pista edo probaleku bat, eraikinaren teilatu-lauan. Italian, 1971n laga zioten Lambrettak fabrikatzeari. Eibarren, aldiz, luzaroago segitu zuen produkzioak, 1978ra arte; Lambrettak ez ezik, Honda motorrak ere fabrikatzen zituzten bertan. 1982an itxi egin zen fabrika.
Itxi zutenetik, Eibarko eraikinak hainbat erabilera izan ditu. Lehengo fabrikaren tokian Ertzaintzaren bulegoak, aparkalekua, jatetxeak eta beste hainbat enpresa daude gaur egun.