Lagun arteko giro agerikoa transmititzen dute Kukumixoko udalekuetako zaintzaileek. Asteak daramatzate atzo hasi ziren udalekuak prestatzen eta datozen egunotan dena emanda ibiliko dira umeek ahalik eta ondoen pasa eta udalekuetatik oroitzapen ederrak eraman ditzaten.
Aurten, 18tik 32 urtera bitarteko 27 gazte ari dira begirale zein praktikari modura, Pil-pileaneko Miren Gallastegi koordinatzailearen gidaritzapean. Soraluzekoak dira guztiak hiru izan ezik; horiek Bergaratik, Mendarotik eta Elgoibartik etorri dira.
Boluntario ere bai
Gazte izanda ere, guztiek eskarmentu luzea dute udaleku kontutan. Askok urteak daramatzate begirale modura, praktikariek errepikatu egin dute iazko esperientzia eta begirale ia guztiak dira umetan herriko udalekuetan ibilitakoak.
Udalekuetarako duten zaletasun hori euren lanean transmititzen dute; horren irudi, bihar, umeek San Andres gaua pasatu ahal izateko, boluntario moduan joango dira gazteak haiek zaintzera eta berdin egingo dute, gutxienez, beste irteeretako batean.
"Udalekuetarako egoten den aurrekontuak ez du ematen umeak gaua pasatzera joan ahal izateko. Behin, begiraleok erabaki genuen doan egingo genuela hori eta harrezkero horrela egiten segi dugu", kontatu dute.