“Soraluzeko Arrozak”-en laugarren edizioa izango da hau, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Zabaltzen Sartu Kooperatiba Elkarteak eta Soraluzeko Udalak antolatuta. Izen berria du ekimenak aurten: “Munduko Arrozak” zena, “Soraluzeko Arrozak” izango da; izan ere, jaiak soraluzetarron arteko harremanak estutzeko eta elkar ezagutzeko topagune izan nahi du, jatorri-hizkuntza-kultura aniztasuna aitortzearekin batera, elkarbanatzen duguna azpimarratuz. Elkarrekin parte hartu, sukaldatu eta bazkaltzea da helburua, aurreiritzi, zurrumurru eta estereotipo arrazistei aurre eginez.
Uztailaren 27an (zapatua), parte hartzaileak goizeko 11:00etan elkartuko dira Zubi Nagusian eta bakoitzak bere txokoan, arroza prestatzeari ekingo dio. 13:00ak aldera, Batubaroa batukadak girotuko du ingurua. Ondoren, 13:30ak aldera, arroza dastatzeko aukera izango dute hurreratzen diren herritarrek. Osagaiak erosteko dirua zein sutegiak, mahaiak eta beste hainbat material antolakuntzak jarriko ditu.
Antolakuntzarako bilera
Ekimena ahalik eta ondoen eta jende askoren artean antolatzeko asmoz, antolatzaileek bilera deitu dute uztailaren 16rako, Kalebarren 8an, 18:00etan. Parte hartzea errazteko, zaintza zerbitzua eskainiko da umeekin datozenentzat. Zaintza zerbitzua behar dutenei aurrez abisatu dezatela eskatu diete.
Izena emateko
Izena eman nahi duenak, uztailaren 18ra arte izango du aukera. Horretarako, jarri harremanetan Ariannerekin (601602347) edo Uxuerekin (603678226).