Untzetarako bidea
Udalak jakinarazi zuenez, aurten baserrietako bideak konpontzeko ataleko aurrekontua Untzetarako bidea konpontzera bideratuko da, eta baita datorren urtekoa ere. Auzoko bost baserri lotzen dituen bidea luzea da, aldapatsua eta gune askotan egoera kaskarrean dago, eta hori dela eta, lanek, aurten, 104.310 euroko aurrekontua izango dute, orain arteko garestiena. Dena den, proiektuan, Soraluzeko Udalaz gain Bergarako Udalak ere egingo du ekarpena, Untzetako hiru baserriak Bergarako udalerriko lurretan daudelako. Bi Udalek Gipuzkoako Aldundian ere egina dute laguntza eskaera. Lanak udazkenean abiatuko dira.
Interneterako konexioa
Baserrietara zuntz bidezko Interneta eroateko lanen ingurukoa izan zen bileran landu zuten beste gai nagusietako bat. Udal ordezkariek berri eman zutenez, dagoeneko hasita daude herriko baserrietara zuntz bidezko Interneta eroateko lanak. Lanok Telefonicak azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen ditu eta alkateak enpresarekiko komunikazioa “nahikoa nahasia” zela aitortu bazuen ere, enpresak udalari jakinarazitako azken datuen arabera, dagoeneko, San Andres auzoko hamabi baserritara eroan dute kablea eta urte amaiera baino lehen, “herriko baserri guztietara” ailegatzea aurreikusten dute. Behin kablea baserrira ailegatuta, bizilagunen ardura izango da kontratatu nahi duen telekomunikazio konpainiari eskatzea, honek etxeko instalazioa egin eta konexioa aktibatu dezan.
Uraren kanona kezka iturri
Ura Agentzia baserrietako urari ezartzen hasi zaion kanona izan zen bilerako gai nagusia, baserrietako bizilagunen artean “kezka handia” sortu duelako. Alkateak azaldu zuenez, gaia ez da udalaren eskumenekoa, baina azken asteetan hainbat baserrietako bizilagunek helarazi dioten “ezinegona” dela eta, gaiari “jarraipena” egitea erabaki du. Hala, bileran, hainbat bizilagunek euren egoeraren berri eman zuten: zenbaitek azaldu zuten Uraren idatzia jaso dutela kontagailua jartzeko eskatuz, beste zenbaitek, berriz, faktura jaso dutela dagoeneko kontagailua ezarrita dutelako…Egoera horren aurrean, gehienek “informazio falta” salatu zuten eta “kezka” adieraztearekin batera, euren desadostasuna agertu zuten “erakunde publikoek baserrietako bizilagunoi ura kobratu nahi digute baina inolako zerbitzurik eskaini gabe". Alkateak bizilagunekin batera gaia lantzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen.
Baserrietako ur kontsumoari zergapetzeko prozedurak Espainiako Gobernuak 2015ean onartutako 'Uraren legea'n du jatorria eta harrezkero egin zaizkion egokitzapenetan. 2021ean, Jaurlaritzak lege hori EAEn inplementatzeko araudia onartu zuen eta horixe da orain, Ura Agentzia ezartzen hasi dena. Lege eta arau berri horien arabera, erakunde publikoek ur kontinental guztien erabilera zergapetzeko eskubide eta betebeharra dute.