Elkarrizketa

Luis Poncela: “Zikin hutsak gara, konponbidea da isunak jartzea”

Ubane Madera Zangitu 2024ko uzt. 4a, 08:29

Luis Poncela. Argazkia: Fernan Oregi.

Luis Poncela (Soraluze, 1967) Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko kale-garbitzailea da 2018tik. Azken boladan, Ermuan dihardu lanean, baina aldi baterako langilea da eta herriz herri ibiltzen da garbiketa-lanak egiten, esaten dioten lekuetan. 

Zein da eskualdeko herririk zikinena? Zergatik?

Ermua. Jendeak zikinkeria lurrera botatzen duelako eta ia ez delako zakarrik batzen. Dena den, nik esperientzia daukat Elgoibarren, Deban, Ermuan eta Soraluzen. Beste herrietan gutxiago ibili naiz eta ez ditut horrenbeste ezagutzen. 

Eta zein da herririk garbiena?

Batzuek diote Mutriku dela, baina ez dut horrenbeste ezagutzen. Niretzat, Deba da gusturen lan egiteko herria. Ibilbidea ona da, udako sasoia gogorra da, baina nik justu orduantxe egin dut lan eta eramangarria da. Antzerako kilometro kopurua (13-15 km.) egiten da bestelako herrietan ere. Ermuan, berriz, 20 km. inguru egiten ditugu, luzeegia delako eta aldapa handiak dituelako. 

Soraluze non kokatuko zenuke?

Eskualdeko herrien artean erdialdean, beherantz eginez. Soraluzek beste arazo bat dauka.

Zein?

Hondakin poltsez betetzen diren zaborrontziekin dago arazoa. Herri guztietan gertatzen da hori, baina Soraluzen gehiago. 

Garbiketa kontuetan aldaketaren bat igarri duzue azken urteotan?

Adibidez, etorkin arabiar gehienek, ohituraz edo erlijioz, ez dute janaririk bota nahi eta edukiontzitik zintzilik lagatzen dituzte poltsak, norbaitek hartuko dituen esperantzaz. Baina nire lana da horiek erretiratu eta botatzea. Bestalde, kanpotik etorritako askok ez dute ulertzen sistema eta sarri konfunditu egiten dira edukiontziz. 

Soraluzen 700 txakur pasa daude. Bakoitzak birritan-hirutan txiza eta kaka egingo duela kontuan hartuta…

Txakurren kasuan, okerragoak dira kakak. Askotan ez dugu halakoak jasotzeko beharrezko gauzarik. Karroarekin egun osoan dabiltzanek sepiolita eramaten dute lurra apur bat sikatzeko. Baina beti ez goaz halakoetarako prestatuta. Dena den, Ermuan, adibidez, jaietan lantokiko atean pertsonek horrenbeste txiza egiten digute neu ez naizela ausartzen ezta atea ukitzen ere. Eta, oro har, jaietan lan egitea da gogorrena, batik bat, Mutrikuko Berdel egunean. 

Garbiketa sistema bera ondo dago ala aldaketaren bat apropos ikusiko zenukete?

Erabat publikoa balitz guztia, zerbitzua dezente merkeagoa litzateke. 

Topatu duzun gauzarik arraroena…

Pertsona bat arroparen edukiontzi barruan, demaseko sustoa hartu nuen. Beste behin, Eibarren Katu Kale taberna ondoan edukiontziak dauden lekuan, bat kendu nuen eta txiza egiten zegoen emakume bat topatu nuen. Beste behin, Urkizutik behera gentozela, pertsona bati bost gaztetxoren artean lapurreta egiten ahalegintzen zebiltzan. Geratu egin ginen, baina kamioitik irteteko keinua egin arte, gazteek ez zuten ihes egiteko ezta zirkinik egin ere. 

Lanean ikusten duzunarengatik, zelakoak gara bizilagunak, garbiak/zikinak/normalak…

Nire iritzia da zikin hutsak garela. Ahoa betetzen zaigu zenbat birziklatzen dugun esaten eta nik batzen dudanean ezin dut sinistu ere egin. Gauez hasi nintzenean, Elgoibarren deskargatzen genuen kamioia. Organikoa begiratu nuen lehen aldian, ezin nuen sinistu, koltxoiak, bizikleta bat… denetik zegoen han. Lehen Mankomunitateko bi langile organikoetara botatako poltsa desegokiak erretiratzen ibiltzen ziren. Orain enpresa pribatu batek egiten du hori. Eta utzikeria ere nabarmenduko nuke, udalena, udaltzaingoena edo dena delakoena. Ikusten dute askok lagatzen dituztela altzariak edozein egunetan eta edozein ordutan eta ez diete ezer esaten. Eta hori asteko egun guztietan gertatzen ari da. Nik argi daukat, konponbidea da isunak jartzea.