Juan Manuel Arruabarrena margolariak emandako xehetasunen arabera, bihartik Bergarako Aroztegi aretoan ikusgai izango den erakusketak hiru estilo desberdin islatzen ditu. Sincronía izenburua du, “obra bariatua” delako, baina aldi berean, margolan batak bestearekin harremana duelako kolore eta testurari dagozkienean eta ikusten delako artistaren eskua bera dela. 25 margolanetako batzuk formatu nahiko handikoak dira eta beste batzuk, ertainekoak.
Arruabarrenak esan duenez, Soraluzeko Oreka Art galerian egindako erakusketa baten harira proposatu zioten Bergaran ipintzea erakusketa eta dio “pozik” erakutsiko dituela lanak ondoko herrian, “erronka berri” modura hartuta.
"Elkarrizketa aberasgarria"
Artistak berak honelaxe deskribatu du erakutsiko duen obra eta dituen helburuak:
“Mihise edo lanerako gainazal bakoitza ikerketarako erronka paregabea da, eta sarritan ustekabeko formako eta harmoniak sortzen ditu. Nire ikuspuntua ez da aurreko lanak irudikatzea, forma eta irudi berriak etengabe bilatzea baizik.
Erakusketa honen helburu nagusia da ikuslearekin lotura esanguratsua ezartzea nire adierazpen artistikoaren bitartez.
Lan bakoitza, batetik, esplorazio artistikoarekin daukadan konpromisoaren testigantza da; bestetik, elkarrizketa aberasgarri baten sorkuntza da, nire lanarekiko interesa izan dezakeen jendearekin”.