Pandemia garaian ailegatu zen lehenengo bisitaria Iriartera: "Emakume bat zen furgoneta handi batean eta San Andreserako bideaz galdetu zigun, erdi frantsesez. Orduan esan nion gizonari: ‘hara, zer afari edo bilkura ote dago ba gaur San Andresen?’". Handik laster, beste hainbat ibilgailu ailegatu ziren leku berdinagatik galdezka. Semeak esanda jakin zuten gero, San Andres bidaiarien interneteko sare batean zegoela erregistratuta, karabanarekin gaua pasatzeko gune apropos izendatuta.
Alabaina, artean ez zekiten zergatik zetorkien beste norabait joan nahi zuen jendea Iriartera. Elorriotik makina bat konpontzera etorri zen langile batek erakutsi zien zergatia, GPSaren mapa erakutsi zienean: “Orduan, pantailan ikusi genuenean, konturatu ginen mapan autoentzako bidea agertzen zela, mendiko pista bat besterik ez dagoen lekuan. Hara hor non zegoen pekatua”.
Perituarena eta furgonetarena
Bereziki gogoan dituzte bi kasu. Bata, 2019an Kataluniatik Korta baserriaren bila etorri zen perituarena: “Orduko hartan kotxe txiki bat zen. Belozidadean pasatu zen etxe aurretik eta ikusi nuen pistan gora egin zuen abantadan. Neure artean pentsatu nuen ihesean zihoan baten bat ote zen. Esteban joan zen eta han zebilen autoa erreboluzionatuta, baina umedade handia zegoen eta ezin zuen egin ez aurrera eta ez atzera. Jota pasatuta zegoen gizona eta guk lagunduta, poliki-poliki, bajatu zen behera. Nik ez dut ulertzen pista hartan zela joan daitekeen gora”.
Beste kasua, gauez etorri zen furgonetarena da: ”Goiz baten alaba etorri zen eta deitu egin zigun esanaz furgoneta bat zegoela etxearen atzeko aldean. Itxura denez, gauez ailegatu ziren San Andresen bila eta pentsatu zuten bertan gelditzea eta goizean, esnatu zirenean, zakurra hartu eta pasiora joanda zeuden”, kontatu du barrez.
Horretaz gain, gasaren kamioia, Iberduerokoak posteekin, anbulatorioko erizainak, Txurrukara bidean doazenak… Mezulari enpresetakoak ez horrenbeste.
Seinalea hesolan
Duela hilabete batzuk, baserrira ailegatu baino metro batzuk beherago bide-seinalea ezarri zuten hesola bati josita, bide bazterrean, bisitariei jakinarazteko errepidea baserrian bertan amaitzen dela: "Udaletxeko teknikariari esan genion eta esan zigun eremu pribatua zela eta geuk ipini behar genuela. Bale. Udaltzainek egin ziguten kartela eta ipini genuen hesolarekin. Pintatu dugu laranja kolorez baina alferrik, jendea nonbait pantailari begira joaten da...", dio etsipena eta umorea nahasten dituen tonuan.
"Nik ez dut ulertzen hori zela den posible mapa horrela agertzea. Nik uste dut hori baino serioagoa izan beharko lukeela. Esan digute konpontzeko nik ez dakit zer programatu behar dela, baina nik ez dakit hori zer den. Harrituta nago, ez niri molestatzen didalako, bakarrik, egunen baten, baten bat joaten baldin bada hor gora hura joan zen moduan… Laster hasiko dira atzerritarrak karabanekin…”