BIHAR

Hamaika musika estilo batuko ditu Sour jaialdiak, egun berean eta eten barik

Ander Gomez 2024ko eka. 14a, 08:00

Zapatu honetan ospatuko da Sour jaialdia, kiroldegi gaineko terrazan. Gune Musik-eko kideek Bergarako Kontzertu Antolatzaileekin eta Motoclub Plaentxiko lagunekin batera antolatuta, urte askoan Soraluzen egindako musika jaialdirik handiena izango da: 15 talde baino gehiago izango dira —herrikoak zein euskal eszenako sonatuenetarikoak— eta beste hainbeste orduz jardungo dute, eten barik, eguerditik goizeko ordu txikiak arte.

Bideoan, jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak, antolatzaileen berbetan.

Sour jaialdia ospatuko da bihar (ekainak 15) eta musika zaleek azken aukera dute aldez aurretiko sarrerak erosteko. 15 euroko kostua dute eta honakoak dira salmenta puntuak, herriz herri:

  • Soraluze: Gila eta Edurtza.
  • Bergara: Arrano.
  • Eibar: Katu-kale eta Tas-tas.
  • Ermua: Zabal Taberna.
  • Deba: Arena Bar.

Egunean bertan 20 euroan egongo dira salgai, kiroldegi gaineko gunean.