Agur hunkigarria Arrasateko bazarrean dendari izan diren soraluzetarrei

Erredakzioa 2024ko eka. 13a, 14:23

Soraluzeko ugazabak dituen Arrasateko Comercios Centro Cien bazarrak ekainean itxiko ditu ateak, eta atzo, eguaztena, inguruko hainbat dendek eta pertsonek omenaldia egin zieten, lore sorta, pankarta, luncha,… eta abarrekin. Arrasateko alkatea ere bertaratu zen. Hunkituta izan ziren soraluzetarrak. Argazkia eta informazioa: Mondraberri.

28,5 urtez zabalik izan ondoren, ekainean itxi egingo ditu ateak Arrasaten dagoen Comercios Centro Cien bazarrak. Maite Urtiaga Gomez eta Carmen Gomez Seara soraluzetarrak izan dira bertako kudeatzaile eta Carmen dendaria jubilatzear da eta lokaleko arduradun Maitek beste lan batean dihardu egun. “Ez da eskualdatzerik izan oraingoz – azaldu dute – baina espero dugu zerbait egotea”.

Kontuak kontu, eurak badoazela-eta, atzo eguaztena, agur hunkigarria egin zieten inguruko dendariek. Arrasateko alkate Maider Morras ere bertaratu zen. Arrasateko Mondraberri komunikabidean kontatu dutenez, “ezusteko ederra izan da, oso hunkigarria izan da, ez genuen espero”. Era berean, apaltasunez adierazi zuten “ez dakitela "zer egin" duten "hau guztia merezi izateko”.

Gaineratu zutenez, “oso eskertuta" daude "Arrasateko merkatariei, batez ere, auzoko merkatariei eurek antolatu baitute sorpresa hau. Jende askok hemengotzat hartu gaituzte, eta askok uste dute gu Arrasaten bizi garela, nahiz eta Soraluzen bizi garen”.

Euren bezeroei bideratuta, berriz, hor ere eskerron mezua izan zuten bi dendariek: "Mila esker Arrasateko jendeari, plazer bat izan da eta oso jator portatu dira gurekin”.

Ezustekoaren ostean, Ezkiñak prestatutako lunch goxoa ospatu dute Arbolapeta plazan.