Bihar, barikua, 19:00etan inauguratuko dute Koldobika Jauregiren erakusketa Gabolatseko Oreka Art galerian. Halakoetan ohi denez, artista bertan izango da, inauguraziora bertaratzen direnei erakusketaren gaineko xehetasunak ematen.
Ibilbide artistiko luzea, oparoa eta esanguratsua dauka Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959). 1978an eskulturagile moduan estreinatu zenetik, artelan, erakusketa, proiektu eta sariketa ugari egin eta eskuratu ditu artista entzutetsuak.
Besteak beste, Guggenheim museoan, San Telmo museoan, Ekain galerian eta Euskal Herriko, Estatuko eta Europako galeria ugaritan izan ditu ikusgai bere lanak. Udalerri eta hiri askotako espazio publikoetan ere baditu ipinita eta beste asko erakunde eta fundazio esanguratsuen egoitzetan.
Proiektu bereziak
Horrez aparte, proiektu berezietan ere parte hartu du Jauregik, adibidez, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza film luzeko produkzio diseinatzailea izan zen, Chillidaren omenaldiko proiektuan parte hartu zuen eta euskararekin lotutako hainbat ekimenetan parte hartu izan du, esaterako, Nafarroa Oinez ospakizunaren baitan egindako Artea Oinez11 erakusketan, William Shakespeare idazlearen Sonetoak liburuko ilustrazioak egin zituen edo Txantxangorria kantaren performancea gauzatu zuen, 2016ko Euskararen Egunean.
Bada, gaurtik uztailaren 31ra arte Koldobika Jauregiren obraren zati bat Soraluzen ikusteko aukera izango da.