Zapatuan, 3. aldiz egingo dute Eibarren Minbiziaren Aurkako Martxa. Orain arteko edizio bakoitzean, 800-1.000 dortsal inguru saldu dituzte. Maria Amor, Eibarko elkarteko presidentak dioenez, “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean gauza bat dugu oso argi: pazientea eta bere senideak erdigunean jarri nahi ditugu. Horregatik, jarduera honekin lortzen ditugun onura guztiak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko ditugu".
Lola Gisasola elkarteko presidenteordeak gaineratu du ekimena ere baliatu nahi dutela “jendea animatzeko kirola egitera eta minbizia duten gaixoekiko egon daitezkeen tabuak apurtzen laguntzeko. Askok ez dakite zein jarrera izan minbizia dutenen aurrean”.
Edozeinendako modukoa
Aurtengo edizioari dagokionez, 11:00etan abiatuko da Untzagatik. Honako ibilbidea izango du: Calbeton-Urkizu-Arragueta-Errebal-Julian Etxeberria-Dos de Mayo-Legarreko pasabidea-Corte Ingles-Isasi-Untzaga. “Paseo bat izango da. Edozein motako pertsonari dago zuzenduta, etor daitezke umeak, pertsona nagusiak… denetik”, azpimarratu du Lola Gisasolak.
Martxa hasi aurretik, zumba saioa egingo dute beroketa ariketa modura eta martxa bukatu ondoren, estiramenduak. Martxaren bitartean, berriz, anoa puntuak izango dira urarekin eta tortitekin, hala nahi duten guztiendako.
Dortsalak non erosi
Dortsalak dagoeneko salgai daude, 10 euroan. Gainera, oparia dakarte: Iñigo Manterola artistak diseinatutako kamiseta.
Horrez aparte, QR bat ere badute; haren bitartez, Ixuan bazkari bat zozketatuko dute. Honako lekuetan eros daitezke dortsalak:
- Rockthesport.com webgunean
- Eibarko Jubilatuen Etxean
- Amaña es la Caña kioskoan
- Minbiziaren Aurka elkarteak Eibarren duen egoitzan (Ardantza kalea, 11 /
10:00etatik 13:00etara)