Benantzio Otaegi hil da, 6 urtez Soraluzeko abade izan zena

Erredakzioa 2024ko eka. 11a, 14:31

Benantzio Otaegi meza ematen 2022an. (Argazkia: Barren)

Atzo, astelehena, hil zen Benantzio Otaegi, sei urtez Soraluzeko Andre Mariaren Zeruratzea parrokiako parroko izandakoa, 81 urterekin. Elgoibarko Barren.eus agerkariak eman du heriotzaren berri gaur eguerdian. 

Benantzio Otaegi 1943an jaio zen Azpeitian. 10 urte zituela, seminarioan sartu zen, eta sei bat urtez aritu zen bertan ikasten, Batxilergoa amaitu zuen arte. Tuteran jarraitu zituen ikasketak, eta ondoren, Donostiako seminarioan sartu zen. 1970ean hasi zen apaiz lanetan, Usurbilen. Gerora, Arrasateko San Andres parrokiara iritsi zen, eta 1988an Soraluzera. Sei urte egin zituen han, eta ondoren, Elgoibarrera joan zen eta han 29 urte egin zituen San Bartolome parrokiako parroko moduan, 2022ko urtarrilean erretiroa hartu zuen arte, Urte bereko San Bartolome Eguneko mezan egin zion agurra Elgoibarko kristau mokunitateak. Harrezkero, Donostiako Gotzaitegiak Antiguako auzoan duen seminarioa izan du bizitokia.