SAPAri askotariko erabilera ematea, Erregetxean bi parke sortzea, herriko trafikoa murrizteko neurriak eta beste izan zituzten hizpide

Ubane Madera Zangitu 2024ko eka. 11a, 11:10

Atzo, astelehena, Soraluze Denon Kaleak prozesu parte-hartzailearen proposamenen lanketa-saio irekia egin zen, Herriko Antzokian. Espazio publikoak genero ikuspegia txertatuta eta topaketarako baliabide izan daitezen berrantolatzeko helburua du Udalak, eta atzoko saioan, herriko bost esparrutarako proposamenak aztertu eta haiei ekarpenak egin zizkieten herritarrek: SAPA, Estaziño, Frontoi ingurua, Plaza Zaharra-Erregetxea-Ur txorroak eta Trafikoa baretzeko aukerak.

Atzo, astelehena, 40 bat lagun elkartu zen Herriko Antzokian, Soraluze Denon Kaleak prozesuaren hirugarren saio irekian. Bertan ziren ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariak, Haur eta Gazte kontseiluetako ordezkariak, gazteak zein nerabeak, Ahalduntze Eskolako hainbat partaide eta Udal Gobernuko zein oposizioko ordezkariak, besteak beste.

Bost esparrutarako proposamenak

Projekta Urbeseko Miren Vives eta Patxi Galarraga arkitektoek esplikatu zuten prozesuak izan dituen saio irekietan, digitalean, Haur eta Gazteen Kontseiluan, Goazen Soraluze ekimenean zein Ahalduntze Eskolan landutakoetan herritarrek mahai-gaineratu dituzten sparruen artean, bost aukeratu dituztela eta haietarako berrantolaketa proposamenak egin dituztela, “egingarriak diren proiektuak” aintzat hartuta. 

Atzoko saioan, proposamen horiek aurkeztu zituzten zirriborro modura, eta, antzokian zeuden herritarrak, esparruarekiko interesen arabera, taldetan banatu eta talde bakoitzak proiektu bat aztertu zuen, ekarpenak egiteko. Amaieran, guztien artean partekatu ziren ekarpenak.

Honako bost esparru izan ziren aztergai: SAPA, Estaziño, Frontoi ingurua, Plaza Zaharra-Erregetxea-Ur txorroak eta Trafikoa baretzeko aukerak. 

SAPA

SAPAri buruz, bi adituek azaldu zuten aterpe handia dela hura, Plaza Zaharraren edo Frontoiaren adinakoa. Horri esker, erabilera bat baino gehiago izan ditzake eta baita mugitu daitezkeen moduluz jantzi ere, erabilera askotarikoa bermatzeko.

Hori oinarri, gazteen zein helduagoen talde banaren ekarpenak izan zituen proposamenak.

Gazteek uste dute SAPA aproposa izan daitekeela bi esparrutan banatu eta batean jolasleku bat eta bestean lasai egoteko gune bat egokitzeko. Ikuskizunetarako lekua lagatzea eta jendea lasai egoteko jarlekuak jartzea ere ondo ikusten dute eta beharrezko ikusten dituzte iturri bat eta komunak.

Helduek ere antzerako bidetik jo zuten eta haiek ere SAPAn umeendako jolaslekua zein helduendako gunea egokitzea ikusten dute, azoka egiteko gunea ere lagako lukete, jarlekuak jarri eta iturria eta komunak.

Estaziñoa

Estaziñoari dagokionez, berriz, han trafikoak duen arriskua aintzat hartuta, Projekta Urbeseko adituen proposamena da geltokia eta parkea elkartu eta denean, oinezkoei lehentasuna eman. Halaber, espaloi zati bat zabaltzea ere proposatu zuten, parketik igogailurako bidea irisgarriago egiteko. Horretarako, bost aparkaleku kendu beharko lirateke.

Kasu horretan, herritarren taldeak adierazi zuen zerbait egin behar dela Estaziñoko trafikoarekin, autoak oso bizkor baitoaz. Hori moteltzeko, kurbak, badenak… ipintzea proposatu zuten. 

Horrez aparte, zaila ikusten duten arren, nahiko lukete goiko parkea eta behekoa zelanbait lotzea; eta ezin badira lotu, bien arteko irisgarritasuna bermatzea.

Frontoi ingurua

Projekta Urbeseko adituek proposatu zuten frontoi inguruko espazio berdea lurreraino jaitsi eta zabaltzea, aparkalekurantz. Hartara, Haurreskolako umeek ere aukera izan dezaten bertan ibiltzeko, baita herriko ume guztiek ere. Uste dute horrekin elizpearen eta frontoiaren arteko gertutasuna ere handituko litzatekeela.

Herritarrek ondo ikusi zuten berdegunearen proposamena. Gaineratu zuten frontoian, batik bat mutilek jolasten dutela futbolean edo pilotan eta faltan igartzen dutela neska haur eta nerabeendako espazio bat. Halaber, elkarrizketari bide emango dien jarlekuak-edo ere nahiko lituzkete eta frontoi arrosaren erabilera handitzeko zerbait egiteko beharra ikusi zuten, besteak beste, harako irisgarritasuna hobetuz.

Plaza Zaharra-Erregetxea-Ur txorrotak

Arkitektoek mahai gaineratu zuten proposamena izan zen Erregetxe azpiaren erdian aterpe bat sortu, estalitako parke modura eta haren gaineko aldean, beste parke bat egokitu, Erregetxeko aparkalekuaren erdia baliatuta. Parkean argi-zuloak egongo lirateke, azpiko parkera argitasuna sar dadin. Bestalde, gogorarazi zuten plazako etxe txikia botata, harmailak eraiki behar dituztela ibaira begira.

Esparru hori nerabeek eta helduek osatutako talde batek aztertu zuen. Nerabeen kasuan, kezka partekatu zuten, Erregetxeko aparkalekua murriztuko balitz, barrakak jartzeko lekua txikitu egingo litzatekeelako. Erregetxeko parke proposamenari buruz, berriz, esan zuten batetik, kontuan hartu beharko litzatekeela hura eraikitzeko kostu ekologikoa eta bestetik, argitasun egokia duela bermatu. Bestalde, esan zuten aprobetxa daitekeela parke hori komun publikoak ipintzeko.

Ibaiko harmailei buruz, esan zuten, horiek eraikitzea baliatu beharko litzatekeela ibai-ertza konpontzeko. Azkenik, ur-txorrotei dagokienez, faltan igartzen dute aterperen bat, eguzkiak jotzen duenean bero handia egiten baitu han eta gauzak lagatzeko lekuren bat. 

Trafikoa baretzea

Atzo aztergai izan zen azkeneko puntua herrigunean trafikoa baretzearena izan zen. Horren beharra ikusi da, batik bat, Estaziñoan, frontoian, Udaletxeko aldapa inguruan eta Ezozibiden. Projekta Urbeseko adituek neurriak bi pausotan hartzea proposatu zuten.

Lehen pausoan, Etxaburueta eta Frontoi inguruak ukituko lirateke, baita Estaziñoa ere. Etxaburuetan, trafikoa murriztu eta frontoian, kendu egingo lukete kotxeendako pasabidea.

Bigarren pausoa, berriz, gauzatuko litzateke Olaldeako garapenarekin batera. Gogora ekarri zuten Olaldea esparrua garatzen denean, inguru hura dena lautu, etxeak egin eta etxepeetan 150 aparkaleku sortzea dela asmoa. Horrek ahalbidetuko luke erdigunean aparkalekuak nabarmen gutxitzeko aukera izatea, Erregetxean, adibidez.

Halaber, gogora ekarri zuten Olaldeatik gertu, Atxurin, oinezkoendako zubi berri bat eraikiko dela eta horrek eta Olaldean laututako esparruak nabarmen erraztuko duela herritarrak kanpoko auzoetatik oinez iristea erdigunera. 

Eta gogora ekarri zuten, baita ere, Egitamu Orokorrean aurreikusita dagoela Olabarrenatik Mendiola industrialdera zubi berria eraikitzea. Horri esker, autoek ez lukete industrialdeko oraingo zubiraino joan beharko herri barrura sartzeko. 

Trafikoa aztertu zuen herritarren taldeak ondo ikusi zuen herriguneko trafikoa baretzea. Proposatu zuten udaletxeko aldapatik Erregetxera arteko zirkulazioa zentzu bakarrera mugatzea. Frontoian aparkaleku gehienak kentzea proposatu zuten, bakarrik hiletetarako eta zamalanetarakoak lagata. 

Estaziñoan, berriz, autoen abiada murrizteko eta oinezkoei lehentasuna emateko proposamena ondo ikusi zuten. 

Herritarren ekarpenak jasota, orain, horiek guztiak txosten batean jaso eta Projekta Urbeseko arkitektoek esan zuten saiatuko direla epe motzera begirako proposamenak egin eta Udal Gobernuari entregatzen.

Komun publikoak

Saioaren amaieran, hainbat herritarrek esan zuten egin beharrekoak egin bitartean, beharrezko ikusten dutela herrian komun publikoak jartzea edo zenbait lekutan (Itxaropena, udaletxean, institutuan…) dauden komunei izaera publikoa ematea.

Xehetasun guztiak  HEMEN klikatuta.