Ohikoa den moduan, dantza izango da Erromerixa Egunaren ardatza baina aurten, antolatzaileek osagai berri asko erantsi dizkiote eguneko egitarauari, herritar gehiagorentzat "erakargarri" egiteko intentzioarekin.
Bizikleta ginkana gaztetxoentzako
Hala, goizeko lehen hitzordua Bizikleta ginkana izango da, herriko bi bizikletazalek gidatuta (Mikel Hernandez eta Ivan Caballero) Ezoziko plazan egingo dena. 8 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta egongo da eta zirkuitu bat eta zenbait lasterketa izango ditu osagai nagusi. Aurretik, nahi duten guztiek elkarrekin egingo dute kaletik Ezozirainoko bidea, 10:00etan Plaza Berritik aterata.
Eguerdian dantzak eta bazkaltzeko paella
Eguerdiko 12:00etan jan-edana eskainiko dute plazan eta ostean, Urratseko dantzari gazteek dantza saioa eskainiko dute herriko txistulariek eta bailarako arrabitariek lagunduta. Jarraian, plaza dantzak eskainiko dira adin guztietako dantzazaleei zuzenduta.
15:00ak alderako paella gertu izango dute Bizimina elkartekoek eta aurrez izena eman duten guztiak elizpean bazkaltzea da plana. Dagoeneko izen-ematea zabalik dago Iratxo goxodendan, 15 eurotan helduentzat eta 5 eurotan 16 urtetik beherakoentzat. Bazkaritarako plazan mugatuak dira eta antolatzaileek gomendatu dute "badaezpada" bizkor emateko izena.
Erromeria, sagardoa eta gazta
18:00etan abiatuko da arratsaldeko egitaraua Elgoibarko Lizagasar Sagartokixaren sagardoen eta Egotzako gaztaren dastaketarekin. Edalontzia 5 euro ordainduta, nahi beste sagardo edan eta gazta jan ahalko da.
Belaxe, 18:30ean, hasiko da Eingo taldea erromeria girotzen. Askotariko plaza dantzak joko dituzte: fandango eta arin-arinak, polkak, jauzi-dantzak, korrokoak, banangoa... Kantuak ere izango du bere lekua, tartean tartean, jendea elkarrekin kantatzera gonbidatuko dute eta.
Bola premioa eta DJak
Bitartean, arratsaldeko 18:00etan, bolatokia zabalduko dute eta edozeinek izango du bola jaurtitzeko aukera. 19:00etatik aurrera, berriz, parte hartu nahi dutenek Ezoziko Bola Premioa jokatzeko aukera izango dute. Sariak mamitsuak izango dira: 1. 100€ ta Egotzako gazta, 2. 80€c, 3. 60€, 4. 40€, 5. 20€ eta 6. Lizagagasar sagardo kaxa.
Erromeria amaitu ostean, berriz, festak jarraitu egingo du Galtzagorri Jai Batzordeak antolatutako DJ emanaldiarekin. Egunean zehar, Galtzagorri Jai Batzordeak kudeatuko due txosna eta eurek izango dute gauean berau ixteko ardura.