300 oparitik gora dituen tonbola jarriko dute gazteek zapatuan

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 30a, 11:53

Tonbola antolatzen diharduten gazteetako hainbat, oparietako batzuk erakusten, atzo, eguaztena.

Zapatuan, aspaldiko partez tonbola izango da Soraluzen, Gatzagorrixak Jai Batzordeak antolatuta. Herriko komertzio, taberna, ile-apaindegi, aseguru-etxe, gremio eta bestelako zerbitzuek emandako 300 oparitik gora izango dira bertan. 13:00etarako gaztetxearen kanpoan muntatuko dituzte mahaiak eta 1.280 boleto salgai jarri, bakoitza euro baten. Jaietako ekitaldiak antolatzeko dirua batzeko egingo dute tonbola.

Jostailuak, edariak, bazkariak, herriko tabernetan hartzeko kafeak, deskontu-bonuak, umeendako materiala, mozorroak, orrazteko plantxak, kamisetak, biserak, kirol elkarteek emandako materiala… denetariko opariak izango dira zapatuko tonbolan.

Gazteak apirilean hasi ziren guztia prestatzen eta herriko komertzioen, tabernarien eta elkarteen eskuzabaltasunari esker, tonbola oparoa lortu dute antolatzea, 300 oparitik gorakoa. Zapatuan, 1.280 boleto izango dira eskura euro baten, beraz, lautik batek saria izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.