Atzo, goizean goizetik mihise zuriak Soraluzeko erretratuz janzten zebiltzan margolariek hartu zituzten Soraluzeko kaleak.
11 margolari heldu etorri ziren Kaleko XXX. Margo Lehiaketara, Bizkaitik (Leioa, Bilbo, Lekeitio, Gorliz…), Gipuzkoatik (Oñati, Eibar), Nafarroatik (Lesaka), Errioxatik zein Kantabriatik (Marina de Cudeyo) Margolari beteranoak ziren guztiak, herrian ezagunak ere bai asko eta herriko margo lehiaketan behin baino gehiagotan parte hartukotakoak.
Guztiek esan zuten geroago eta zailagoa dela Soraluzeko lehiaketa, partaideak ugaritzen baitoaz eta margolariak maila altukoak, eskarmentu handikoak baitira. Edozelan ere, kontatu zuten pozik etortzen direla Soraluzera eta ezustekorik ezean, etortzen segituko dutela.
Umeak eta gazteak
Ume eta gazte mailan, berriz, 130 partaide izan zen atzokoan, aurreko edizioan baino gehiago. Udalak banatutako erremintak (folioak, margoak eta txorroskiloak) eskuetan zituztela sakabanatu ziren nonahi eta denetariko marrazkiak egin zituzten.
Ohi denez, atzo arratsaldean bertan egin zuten sari banaketa; lehenengo gaztetxoenei eman zizkieten sariak, 50, 30 eta 20 euroko erosketa bonuak; hiru, maila bakoitzeko.
Honakoak izan ziren saridunak:
- Haur Hezkuntzakoak:
- 1- Hiba Hajji
- 2- Idara Perez
- 3- Maddi Otaegi
- Lehen Hezkuntza 1-2:
- 1- Walid Aalavach
- 2- Yanis Hamawi
- 3- Oihan Miyashiro
- Lehen Hezkuntza 3-4
- 1- Mikel Gallardo
- 2- Nerea Castro
- 3- Ikerne Martin
- Lehen Hezkuntza 5-6
- 1- Jone Ormazabal
- 2- Marwa Moujane
- 3- Maren Aldazabal
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
- 1- Amaia Gonzalez
- 2- Paula Arruza
- 3- Izaro Vega
Gaspar, Gomez eta Gutierrez
Helduei dagokienez, berriz, bizkaitarrak nagusitu ziren podiumean.
Lehen saria Leticia Gaspar bilbotarrak eskuratu zuen, 600 euro. Loraldeko belargunea margotu zuen, akrilikoz. Kontatu zuenez, lehenago ere izan da Soraluzeko lehiaketan baina saria eskuratu duen lehen aldia izan zen atzokoa eta oso pozik zegoen horrekin. “Norbera pozik egon ahal da egindako lanarekin, baina gerta liteke epaimahaiari ez gustatzea”.
Gasparrek “bizitza osoa” darama margotzen, 20 urte baino gehiago, bere esanetan.
Bigarren saria, berriz, Leioara joan zen Julio Gomezen eskuetara, 400 euro. Hura beteranoa da Soraluzeko lehiaketan, saridun izandakoa ere bai. Gabolatseko kale kantoia margotu zuen, iturri ingurukoa. Hark kontatu zuen “oso pozik” zegoela bigarren saria eskuratu izanagatik, baina sari barik ere “pozik” zegoela parte hartzearren. Akuarelaz margotu zuen bere margolana, aurten, akuarelekin dabilelako, batik bat.
Eta hirugarren saria Kantabriara joan zen, Esther Gutierrezen lanari esker, 300 euro. Hark Gila eta zubi ingurua margotu zituen. “Sorpresaz” hartu zuen hirugarren saria, uste duelako Soraluzeko lehiaketan maila altua dagoela. Animatuta joan zen jaioterrira, Soraluzekoa moduko lehiaketa bizkor gehiagotan parte hartzeko gogotsu. Esan zuenez, bezperan, adibidez, Elgoibarkoan parte hartu zuen.
Gaurtik, maiatzak 27 zapatura, ekainaren 1era bitartean daude ikusgai, erakusketa gelan. Ikusleek hainbat margolan erosteko aukera ere izango dute.
Ordutegia honakoa da:
- Astelehenetik barixakura: 18:30 - 20:00.
- Zapatutan: 12:00 - 13:30.