Basalgoko proiektu eolikoak Soraluzeko lurrak ere barnebiltzen ditu

Egoitz Unamuno 2024ko mai. 27a, 10:14

Basalgo ingurua. (Goiena.eus)

Arena Power Solar enpresa espainiarrak aldez aurreko administrazio-baimena eskatu du Bergara, Elgeta eta Eibar artean sei aerosorgailu eraikitzeko eta proiektuan aurreikusitako eremuak Soraluzeko lurrak ere barnebiltzen ditu. Eraikiko balitz, Gipuzkoako parke eoliko handiena izango litzateke.

Joan zen ostiralean EAEko Agintaritzaren Aldizkariak iragarri zuenez, Basalgo parke eolikoa egiteko administrazio-baimen eskaera jaso du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak. Eskatzailea Arena Power Solar da, egoitza Madrilen eta Sevillan duen enpresa, Goiena komunikabideak jakinarazi duenez. 39,6 megabatioko potentziadun sei aerosorgailu instalatzeko asmoa dauka Bergarako Basalgo auzoan, Eibar eta Elgeta arteko muga inguruetan.

Proiektuan aurkeztutako eremua Soraluzeko lurretaraino ere ailegatzen da koordenatuak mapan ezartzean ikusten denez (GeoEuskadi). 

Dena den, egitasmoa hastapeneko fasean dago eta adituen esanetan, hasierako eskarian zehaztu ohi den eremua oso zabal eta zehazgabea izan ohi da. Hala, proiektuak zehazten du 6 errota jarri nahi dituztela baina ez du zehazten zein leku konkretutan ezarriko lituzketen.    

Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako lurretan eraiki asmo diren zazpi parke eolikoren proiektuak ditu esku artean Eusko Jaurlaritzak, fase administratibo desberdinetan. Basalgokoarekin batera, beste proiektu baten berri ere eman dute azken egunotan, kasu honetan Hernanin, Pagoaga bailaran eraiki asmo dute.