Etxeko energia diagnostikoa norbere kabuz egiteko aukera

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 23a, 17:33

Energia kontsumoa neurtzeko maletina.

Debegesak, Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokiaren Erakundearen bitartez, energia kontsumoa norbere kabuz diagnostikatzeko galdetegiak diseinatu ditu. Haien bidez, energia kontsumoaren gaineko neurketa sinpleak egin ditzake norberak. Neurketak bi modutara egin daiteke: galdetegia deskargatuta edo Debegesako ofizinetan eskuragarri dagoen maletina hartuta. 

Debegesak eskaintzen duen galdetegia "sinplea" da eta erakudearen esanetan, lagungarri da norbere kabuz etxeko diagnostikoa egin eta energia kontsumoa ulertzen. Horrez gain, gomendioak ematen ditu efizientzia energetikoa hobetzeko eta faktura elektrikoaren kostua murrizteko. 

Galdetegiak norbere etxebizitzaren gaineko ezaugarriei buruzko galderak ditu: argiteria, berogailua eta ur bero sanitarioa, inguratzailea, instalatutako ekipoa, kontratua eta energia berriztagarriak. Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak ditu. Baiezko erantzun kopuruaren arabera, norbere fakturan aurrezteko neurri erraz batzuk gomendatzen ditu.

Bi modutara egin daiteke diagnostikoa: maletinarekin edo maletin gabe. Maletin gabe egin nahi duenak, Debegesaren webgunetik deskarga dezake galdetegia eta azalpen liburuxka. Maletindun galdetegiak, berriz, diagnostikoa egiteko galdetegiaz gain, energia kontsumoa neurtzeko aparatuak eskaintzen ditu.