0 KM KOMERTZIOAK

"Arrain ona ekarri nahi dut eta okela ona ere bai, inkluso pentsatzen nabil parrillada martxan jartzea"

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 21a, 09:01

Veronica eta Gorka Batzokiko barran.

Gorka Alberdi (Bergara, 1979) izango da aurrerantzean Soraluzeko Batzokiko kudeatzailea. Ostalaritzan eskarmentua duen pertsona da, gaur egun Bergarako Labegaraietako kiroldegiko taberna kudeatzen baitu Veronica Prieto emaztearekin. "Ahalik eta lasterren" zabaldu nahi du Soraluzeko Batzokia, maiatza amaieran ez bada, ekainaren hasieran. Burokrazia kontuekin dabil.

- Zenbat urte daramatzazu ostalaritzan?

- Emazteak 15 urte. DYAn zegoen lanean, baina laga beharra izan zuen eta 15 urtez ostalaritzan lana eginda zuenez, pentsatu genuen lokal bat hartzea. Bergarako Udaletxeko kiroldegikoa atera zen enkantera, irabazi egin genuen eta bi urte baino gehiago daramatzagu bertan lanean. Lizitazioa bukatzeko bi urte baino gutxiago falta da, eta, azken ordura arte ezer ere topatu barik egotekoak ez garenez, eskaintza hau egin zidaten eta hemen gaude. Nire ideia da biak ezin baditut gestionatu, aurrerago Labegaraietakoa lagatzea, hau lokal hobea baita.

- Hobea irizten diozu honi? 

- Bai handiagoa da eta Bergarakoak ez dit segurtasunik ematen, ze lau urterako lizitazioa da eta bukatu egin daiteke, egindako lan guztia alperrik galduz.

- Noiz zabalduko duzu Batzokia?

- Ez dago nire esku. Hilabete honetan bukaeran ez bada, ekainaren hasieran. Ahalik eta lasterren. 

- Zein funtzionamendu izango du? Tabernaz aparte jatetxea ere izango da?

- Ikusten joango gara, ea herriak zela funtzionatzen duen, zein ordu diren fuerteak, zeintzuk ez… baina nire ustez, negozio bat itxita dirua galtzea da, beraz, nigatik astelehenetik domekara zabalik. Beste gauza bat da ba akaso eguerdian pare bat-hiru ordu ixtea… baina ostegunetik aurrera, bazkariak eta afariak, biak, igande eguerdira arte.

- Pintxo poteari eutsiko diozu?

- Bai, baina Bergaran, adibidez, daukat ostiralean jarrita. Ez da herriaren erdian dagoen lokala eta erabaki nuen ostiralean ipintzea eta horrela jendeak birritan dauka pintxo-potea, ostegunean herrian eta ostiralean Labegaraietan.

- Langileak badituzu?

-  Bi, emaztea eta neu. 

- Langile gehiago hartuko duzu?

- Sukalderako langile bat (pertsona azkar bat sukalde oso sinple baterako) eta finko bat barrarako. Eta gero akaso pare bat komodin, momentu fuerteetarako. Guztiak kontratu indefinituarekin, postu bakoitza, Gipuzkoako konbenioak markatutakoaren arabera. Imanol eta Julen dagoeneko hartuta daude eta orain Labegaraietan egiten dute lan. Nik behar ditudan langileek hemen edo han egingo dute lan. Etor dadila interesa duen edozein. Hori bai, alergenoen titulazioa izan behar dute, zerbitzari batek beti jakin behar du pertsona batek zer jan ahal duen eta zer ez. Eta elikagaien manipulatzaile titulua ere bai. Ez duenari lagundu egingo diot ateratzen. 

- Interesa duenak zer egin behar du?

- Nirekin jarri kontaktuan: 688 78 89 18. 

- Ezagutzen zenuen Soraluzeko Batzokia?

- Aita hemengoa da, Javier Alberdi, Ontzola baserrikoa. 22 de septiembre kalean jaio zen (oraingo Elizburu kalean). 

- Orduan Soraluze ezagutzen duzu?

- Kaleen izenak-eta ez, baina ez naiz galduko.

- Aurrera begira baduzu aldaketa/berrikuntzaren bat egiteko asmorik?

- Hartzen dudan erabakiak denetarako balioko du. Lehen urtea negozio guztietan adaptaziozkoa da. Kartak egiteko…Jakin behar da lokal bakoitzean ze publiko dagoen. Desberdinak dira kiroldegi bateko bezeroak edo taberna normal batekoak. Hemen ere probak egingo ditugu eta ea zein gustu duzuen ikusi. Dena den, asteburuetarako, arrain ona ekarri nahi dut eta okela ona ere bai, inkluso pentsatzen nabil parrillada martxan jartzea.