Arantzazuren espiritualtasuna, frantziskotarren pentsamendua, anaidia bertan egotearen garrantzia eta herriak Arantzazuri zein Arantzazuk herriari emandakoa laburbiltzen du Arantzazu, 36 zm. 5 mende, herri bat ikus-entzunezkoak, hiru alor ardatz hartuta: espiritualtasuna bera, kultura eta natura.
Dokumentalak erakusten duen moduan, hirurak uztartuta daude mendi artean eraikitako santutegiaren bueltan. Espiritualtasuna frantziskotar anaidiaren pentsamenduan, izakeran, nortasunean, Arantzazuko Amarekiko debozioan eta Arantzazuk lekuak berak transmititzen duen atsedenerako eta hausnarketarako gonbita horretan, amaren altzoa bailitzan, besteak beste.
Izen handiak
Kulturari egin eta egiten dion ekarpena ere agerikoa da, eraikinetik bertatik hasita (apurtzailea izan zen bere momentuan), euskarari emandakoa (euskara batuaren sorreran, besteak beste) eta musikalki ere bai. Artearen alorrean, oro har, izen handiak daude Arantzazuri lotuta, Aita Villasante, Bittoriano Gandiaga, Pello Zabala, Iñaki Beristain, Paulo Agirrebaltzategi, Saez de Oiza, Luis Laorga, Jorge Oteiza, Lucio Muñoz, Nestor Basterretxea, Eulate, Xabier Egaña…
Eta aipatu beharrik ez dago naturarekin duen erlazioa, mendi-amildegian bertan txertatuta dago-eta Gipuzkoako zaindariari eskainitako santutegia.
Etorkizuna
Eguaztenean proiektatutako ikus-entzunezkoa bi urteko lanaren emaitza da, 35 orduko grabazioek emandakoa. Kontatzeko horrenbeste izanda, labur geratzen da Pello Sarasuak zuzendu eta Artemanek landutako dokumentala, baina oso txukun dago elaboratuta.
Soraluzeko aurkezpenean Mikel Santiago frantziskotar fraide soraluzetarra izan zen. Bera da gaur egun santutegian dagoen fraiderik gazteena, azkena, esan zuen modura, eta, berorrek amaieran azpimarratu zuen frantziskotarrak Arantzazutik joaten direnean guztion ardura izango dela haren nortasuna gordetzea eta haren etorkizuna marrazten laguntzea.