Bigarren laneguna izan duzu gaur (martitzena) zein da herriari buruzko zure lehen inpresioa?
Lehen inpresioa ona izan da. Kanpotik jende majoa dirudi eta uste dut hemen arazoren bat baldin badut, jendea laguntzeko prest egongo dela eta horrek segurtasuna ematen dit.
Ezagutzen zenuen Soraluze?
Egia esanda, ez. Interinoa naiz eta interino poltsatik deitu zidaten Soraluzen lan egingo dudala esanez eta hor hasi nintzen Soraluze ikertzen apur bat.
Joan-etorri luze samarra duzu, baina…
40-45 minutu gutxi gorabehera. Baina zorionez, gidatzea gustuko dut, musika jartzen dut kotxean eta gustura etortzen naiz.
Eta zelatan animatu zara udaltzain izatera?
Bokazioa da. Txikitatik gustatu izan zait jendeari laguntzea, jendea babestea.
Polizia bai, baina udaltzain ala ertzain izan nahi duzu?
Ertzain izan nahi dut, baina oposizioa gainditu behar dut. Bidean, interino oposizioa gainditu dut eta oraingoz udaltzain. Baina nire azken helburua da ertzain izatea.
Soraluze herri txikia izanda, oso gertuko lana da egin beharko duzuna, hori gustuko duzu?
Bai. Uste dut mutil soziala naizela, jendearekin hitz egitea beti gustatu izan zait eta uste dut lan honetan, gainera, oso ondo etorriko zaidala jendea ezagutzea, eurekin komunikatzea eta gutxinaka segurtasuna irabaztea.
Udaltzain modura lehen aldia da?
Bai. Orain arte sorosle izan naiz Igeldoko kanpinean eta Oiartzungo igerileku komunitario baten. Eta karrera ikasten ere ibili naiz, Gizarte Langintza.
Zer gustatuko litzaizuke lortu Soraluzen?
Lehen esan dudana. Jende guztia ezagutzea, nirekiko begirada ona izatea eta segurtasuna ematea herriari.
Besterik nahi baduzu gaineratu…
Espero dut hemen egoten naizen denboran jendeari laguntzea ahal dudan guztietan eta segurtasuna ematea.